Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2016

Iraupena: 113 min.

Herrialdea: AEB

Zuzendaritza: John Musker, Ron Clements, Don Hall, Chris Williams

Aktoreak: Animazioa / Animación

Produkzioa: Walt Disney Animation Studios, Walt Disney Pictures

Vaiana

Izenburu originala: Moana

Sinopsia

Istorioa orain dela bi mila urte garatzen da Pazifiko hegoaldeko irla batzuetan. Vaiana Waialiki gazte polinesiarra da, Sina eta Tuiren (herrixkako liderra) alaba. Oso gustora nabigatuko luke baina aitak debekatua dio arrezifetik haratago joatea. Baina arrantza bukatzen denean, kokorik ez dagoenean eta iluntasuna etortzen denean Vaianak ozeanoaren deia sentituko du eta amonak bultzatuta bere herriari laguntzeko ontziratuko da. Maui erdi-jainkoaren laguntzaz nabigatzen ikasiko du eta bere herriari bihotza eta zoriontasuna itzuliko dizkio, Kakamora piratekin eta Tamatoa karramarroarekin borrokatu ostean.

Gaiak                      
Autokonfiantza, adiskidetasuna, aniztasun kulturala

Autokonfiantza. Protagonista neska burujabea da, adoretsua eta ausarta. Oztopoen aurrean ez du amore ematen eta bere helburua lortzeko borrokatzen da. Gurasoen onespenik ez badu ere amonaren babesa du, zeinek bere buruarengan eta bere gaitasunetan sinesten lagunduko dion, sortu zaion erronkari aurre egin ahal izateko. Emakumezkoen emantzipazio eta autobaieztapen kontakizuna. 

Adiskidetasuna. Printzesen filma klasikoetan ez bezala honako honetan ez dago maitasun erromantikorik. Emakumezko eta gizonezko pertsonaien arteko harremana adiskidetasunekoa da. Elkarri laguntzen diote, elkarrengan konfiatzen dute, euren sentimenduak erakusten dituzte eta ondo pasatzen dute elkarrekin. Eragozpen batzuk gorabehera euren arazoak elkarrizketaren bidez bideratzen dituzte.

Aniztasun kulturala. Pelikulak polinesiar kulturaren eta mitologiaren elementu asko ditu. Natura azpimarratzen du, batez ere ura eta inguratzen dituen ozeanoa.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.


Zenbait galdera…

…pelikula ikusi aurretik

 

  • Autokonfiantzari buruz. Bere buruarengan duen konfiantzagatik inor miresten al duzu? Bere ametsak jarraitzen dituena, bere iritzia eta sentimenduak azaltzen dakiena, bere buruarekin ondo sentitzen dena, badakiena zer egiten duen ondo eta zer hobetu behar dezakeen? 
  • Adiskidetasunari buruz. Zer da zuretzat lagun on bat izatea? Lagunak izatea posible al da desberdinak izanik? Bizitzako zein momentutan izaten dugu batzuok besteon laguntzaren beharra?
  • Aniztasunari buruz. Non dago Polinesia? Ezagutzen al duzu euren ohiturarik?

…pelikularen ondoren

  • Pelikularen hasieran zer espero dute Vaianarengandik bere gurasoek? Eta amonak? Nola jokatzen du azkenean Vaianak? Zergatik?
  • Nolakoa da Vaiana eta Mauiren arteko harremana? Ondo konpontzen al dira? Zertan aldatzen du Vaianaren bizitza Mauirekin duen harremanak? Eta Mauirena? Bakarrik egin dezakete aurrera edo elkarri laguntzen diote aurrera egiteko?
  • Zertan dute antza Vaianaren komunitateak eta zureak? Zertan desberdintzen dira?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top