Bakegintza

Memoria hurbilaren eta bizikidetzaren arloan egiten dugu lan, euskal kasuaren motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan eta Giza Eskubideen ikuspegitik. Sentsibilitate desberdineko pertsonen eta eragileen artean elkarrizketarako eta entzuteko guneak sortzen eta errazten ditugu, akordio politiko eta sozialak sustatzeko eta bizikidetza baketsu eta demokratikoan aurrera egiteko, biktima guztiak eta indarkeriak eragindako sufrimendu guztiak aintzat hartuko dituen memoria partekatuan oinarrituta. Ikuspegi errestauratiboetan oinarritzen gara biktimekin estuki lan egiteko. Dibulgazio-ekintzak sustatzen ditugu, bake iraunkorra eraikitzen lagun dezaketen balioak, esperientziak eta ezagutza zabaltzeko.

Udal mailako bizikidetza prozesuak

Baketik-ek elkarrekin bakean bizitzeko kultura berri bat sustatzeko udal-politikak diseinatu, lagundu eta dinamizatzeko zerbitzua eskaintzen du. Programa honen bidez, Baketik-ek maila politikoan eta herritarren arteko elkarrizketarako guneak sustatzen ditu, eta bertan dibulgazio-, prestakuntza-, partaidetza- eta hezkuntza-jarduerak adostu eta gauzatzen dira.

Hezkuntza-prozesuak

Iragan bortitzari eta bizikidetzaren eraikuntzari buruzko ezagutza eta hausnarketa bultzatzen duten hezkuntza-prozesuetan lan egiten du Baketik-ek. Aipagarria da arlo honetan Adi-adian proiektuan egiten den laguntza lana. Motibazio politikoko indarkeriaren biktimek ikasgeletan ematen duten zuzeneko testigantzaren garrantzia balioesten du lan horrek, ikasleak Giza Eskubideen urraketari buruz prestatzeko eta informatzeko, indarkeria deslegitimatzeko eta biktimekiko elkartasuna bultzatzeko helburuekin.

Memoriaren sustapena

Memoria hurbileko alderdi zehatzei buruz hausnartzea eta alderdi horiek ikusaraztea helburu duten proiektu eta ekimenak bultzatzen ditugu lankidetzan. Esate baterako, emakumeen oroimenari buruzko ikerketetan eta elkarrizketa-ekimenetan lan egiten dugu, bai eta gai zehatzagoetan ere, hala nola jazarpen-indarkeria ikusaraztea.

Scroll to Top