Eraldaketarako artea

Gizartea eraldatzeko tresna gisa artea erabiltzen duten programak gidatzen ditugu. Gure proiektuetako pertsonen parte-hartzea sustatzen dugu, sormena, adierazpena eta hausnarketa kolektiboa sustatzen dituzten ikasteko beste modu batzuen bidez.

Antzerki-foruma

2007 urteaz geroztik, Baketik-ek, Antzerki Forumaren metodologiari esker, haurtzaroa eta gazteria sentsibilizatzeko lana egiten du, batez ere hurbileko memoria, jazarpena, arrazakeria, alkohol-kontsumoa, bide-hezkuntza, emakumeen eta gizonen arteko aniztasuna edo berdintasuna bezalako gaietan.

Augusto Boalek sortu zuen Antzerki Foruma, Paulo Freireren pedagogiari jarraipena emanez, 1970eko hamarkadaren hasieran, nekazariek eta langileek beren eskubideak aldarrikatzeko erabili zutenean. Geroago, irakasleek eta ikasleek ere erabiliko zuten; eta, gaur egun, artistek, gizarte-langileek, psikoterapeutek eta GKEek erabiltzen dute kale, eskola, eliza, sindikatu, antzoki, kartzela eta abarretan.

Baketik-ek Ipar Irlandako esperientzien bidez ezagutu zuen tresna hau eta 2007an jarri zuen abian programa, ikusi baitzuen antzerki parte-hartzailearen formula zuzena eta eraginkorra dela eskolan balio etikoak sustatzen laguntzeko.

Atzerki-forumaren eraldaketarako ahalmena norbanako eta gizarte mailan:

  1. Beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen digu (bai sortzen duenarentzat, bai begiratzen duenarentzat ere).
  2. Emaitza ikusteko aukera ematen digu, prozesua bizi dugun bitartean.
  3. Bestearen begietatik begiratzeko aukera ematen digu eta horretara behartzen gaitu.
  4. Enpatia lantzen du.

Gaiak eta proiektuak

  • Guka, eskolako jazarpenaren tratamendu etikorako programa. Ikastetxe bakoitzak jaso nahi duen laguntza maila zehazten duen ibilbidea da. “Sararen historia” antzezlana barne hartzen du.
  • Sararen istorioa” antzerki-foruma. Eskola-jazarpena eta indarkeria prebenitzeko programa, euskal gizartean eta eskola-komunitatean gai horien inguruan dagoen kezkak bultzatua.
  • Zure azalean” antzerki-foruma kulturarteko bizikidetzan balio etikoak sustatzeko. 2008an hasitako proiektu honen helburua ikasleek pertsona desberdinen arteko bizikidetzan errespetuak eta berdintasunak duten balioa ulertzea da. Horretarako, modu kritikoan identifikatzen dira pertsona migratzaileei buruzko estereotipoak, gaur egun familien artean dagoen aniztasuna eta aniztasun sexuala, eta alternatibak bilatzen dira eragin deshumanizatzaileak mugatzeko.
  • Fatiaren ahotsa” antzerki-foruma. Sorkuntza-prozesuan Saharako errefuxiatu-esparruetako emakumeekin eta Mundubat GKEarekin lankidetzan egindako antzerki-forum eta bitartekaritza kulturaleko proiektu bat da. Gazteen parte-hartzea sustatu eta euren ekintza bultzatzeko helburuekin sortu da proposamena, eta Tindoufeko errefuxiatu-esparruetan haurrak eta gazteak bizi diren zaurgarritasun egoeran eta, batez ere, elikadura-eskubidean arreta jartzen du.
  • Norabide guztiak”, bide segurtasuna sustatzeko antzerki-foruma. Lan honen helburua da gazteenek bide-segurtasunarekin bateragarriak diren ohiturak hartzea. 2012an ekin zion bideari proiektuak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren eskutik.
  • Atzera bueltarik gabe” antzerki-foruma. Programa honek, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Sailarekin lankidetzan egina, aukera ematen du bide-segurtasunari lotutako hainbat ikuspegi zabaltzeko: errepidean laguntza ez ematea, presio sozialaren aurrean erabakiak hartzea eta bizitzari eta bide-arloari lotutako multiatazaren eragina, besteak beste. Helduentzako hezkuntza-zentroei (HHI) zuzenduta dago.
  • Eta hik zer?” antzerki-foruma bizikidetzaren adiskidetzea bultzatzeko. Donostia 2016 Fundazioaren eta Baketik-en arteko lankidetzaren bidez, “Eta hik zer?” lana sortu zen, Euskal Herrian bizikidetzaren adiskidetzea sustatzeko proposamena. Bi premisatik abiatzen da: prozesua luzea izango dela eta iraganari, orainari eta etorkizunari erantzun behar zaiola. Hortik abiatuta, hiru galdera hauetan laburbiltzen da antzezlanaren oinarria: zer gertatu da eta zergatik?, zer egin dezakegu orain?, eta zer egin behar dugu etorkizunean berriro gerta ez dadin?. Antzezlan hau 16 urtetik gorakoentzat da.

Iturria: Mundu Bat

Zinema: bideoteka

Baketikek pelikula eta dokumentalen bideoteka bat dauka, norbere buruarekin eta besteekin hobeto bizitzeko nahiarekin eta Giza Eskubideak errespetatzen dituen gizarte baten eraikuntzarekin lotutako lanak biltzen dituena. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

Scroll to Top