Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2009

Iraupena: 96 min.

Herrialdea: AEB

Zuzendaritza: Pete Docter, Bob Peterson

Aktoreak:

Animación

Produkzioa: Pixar Animation Studios / Walt Disney Pictures

Up

Izenburu originala: Up

Sinopsia
Carl Fredricksen, erretiratutako globo-saltzailea, agure erretxina da, baina bere baitan du abentura hegan egiteko prest dagoen ameslaria ere. Bere etxeari milaka puxika lotuz, Carl haurra zeneko ametsen mundu galdura irtengo da hegan. Carlek jakin gabe, lorategitik haratago sekula joan ez den Russell, zortzi urteko esploratzaile ausarta, leku okerrean dago une okerrean: Carlen atondoan!

Gaiak
Zoriontasuna, zentzua eta maitasuna

Zoriontasuna. Bizitzak, eta bereziki egunerokoak, eskatzen dituen abentura eta ausardia erakusten ditu pelikulak. Izan ere, une pozgarriz, galeraz, sufrimenduz eta zoriontasunez betea dago.
Zentzua. Bizi dugun horri zentzua emateko prozesua deskribatzen du istorioak. Prozesu horrek gazte-garaiko ametsei eustea eskatzen du, baita horiek errealitatean kokatzea ere.
Maitasuna. Maitasuna gizakiaren bizitzako motor bezala islatzen du istorioak; afektu horrek bere bizitzako edozein alditan haztea ahalbidetzen dio.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Ametsei buruz: Zer espero dugu bizitzarengandik? Eta betetzen ez bada? Zer egin dezakegu? Nola egiten diogu aurre errealitateari eta frustrazioari?
· Heroia izateari buruz: Zer esan nahi du geure istorioko heroi izateak? Noiz izaten gara heroi?
· Abenturari buruz: Zer bilatzen dugu abenturan? Zer du abenturak oinarrian?

…pelikula ikusi ondoren

· Nolakoa da Carlen bizitza istorioaren hasieran? Zergatik dago triste eta haserre? Zergatik erabakitzen du bidaia egitea?
· Zerk hunkitzen gaitu Carlen eta Ellieren ezkontza-bizitza erakusten duen sekuentzian?
· Nolakoa da Carlen eta Russellen arteko erlazioa? Zerk hurbilarazten ditu?
· Zer gertatzen da Carlen baitan Ellieren egunkaria abenturaz josia dagoela ikusten duenean? Zertaz jabetzen da? Nola aldatzen da bere bizitza? Zergatik?

Itxasne Etxeberriaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top