Sinopsia
Bi alabadun familia bat. Laure-ek 10 urte dauzka eta Jeanne-ek 6. Udako oporretan auzo berri batera bizitzera doaz. Bere ile labur eta jokamolde maskulinoarekin, Laure-ek erabakitzen du auzoko lagun berriei sinistaraztea mutila dela, Mikael izenarekin. Hala ezagutzen du Lise, eta euren arteko harremana estutuz doa, nerabe-maitasun hasiberri bat sortuz. Etxean, guraso eta ahizpa txikiarekin, Laure da; kalean, lagun berriekin eta Lisa neska-lagunarekin, Mikael. Zoritxarrez, gauza batzuk ezin dira betirako ezkutatu. Eskola hasteko bi aste falta dira. Laure/Mikael eta bere gurasoek errealitateari aurre egin beharko diote.
Gaiak: Sexualitatea, binarismoa, onarpena eta gaitzespena
Sexualitatea. Pelikularen haria da Laure/Mikael-en genero-identitatearen esplorazioa, eta baita bere eta Lise lagunaren orientazio sexualarena ere. Nahasmendua eta naturalitatearen arteko dantza baten bidez kontatzen da.
Genero binarismoa. Laure/Mikael-ek bere generoari buruz erakusten duen anbiguotasunak hausnarketak sustatzen ditu ez-binarioak, aldakorrak edo finkatu gabeak diren identitateen inguruan.
Onarpena eta gaitzespena. Pelikulak lagunen eta hurkoen onarpena lortzeko mekanismoen adibideak erakusten ditu, bai eta hauen gaitzespena kudeatzeko moduena ere.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Sexualitateari buruz: zer da genero identitatea? Eta orientazio sexuala? Zerk egiten du norbait mutila, neska ala beste genero bat izatea? Zer esan nahi du genero batekiko erakarpenak?
· Generoaren binarismoari buruz: neska ala mutila izatetik harago, aukera gehiago daude? Ezagutzen dituzu? Aldatu daiteke?
· Onarpena eta gaitzespenari buruz: nola lortzen da lagun berriak egitea? Zer zailtasun izan ohi ditu? Zer balio du eta zerk ez adiskidetasuna lortzeko? Zer egin daiteke gaitzespen baten aurrean?
…pelikula ikusi ondoren
· Uste duzu Mikael-ek Lise-eri kontatu behar ziola etxean Laure dela? Zer gertatuko litzateke hala egin balu? Eroso sentitzen al da Laure zein Mikael denean? Zein da bien arteko desberdintasuna?
· Nolakoa da Jeanne ahizparekin duen harremana? Axola al dio ahizpari Mikael/Laure mutila, neska ala beste genero bat den? Eta bere ama eta aitari? Uste duzu bukaeran Lise-eri axola zaiola?
· Gainontzeko pertsonaien generoa ziurtzat eman duzu? Nola dakizu Jeanne edo Lisa neskak direla, eta beste lagunak mutilak direla?