Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2010

Iraupena: 104 min.

Herrialdea: Argentina

Zuzendaritza: Miguel Cohan

Aktoreak: Leonardo Sbaraglia, Federico Luppi, Martín Slipak, Luis Machín, Bárbara Goenaga, Ana Celentano

Produkzioa: Coproducción Argentina-España; Castafiore Films / Haddock Films / INCAA / ICAA / Tornasol Films

Sin retorno

Izenburu originala: Sin retorno

Sinopsia
Trafiko istripu batean gazte bat hiltzen da auto batek harrapatuta. Errudunak ihes egiten du arrastorik utzi gabe. Hildako mutilaren aitak, hedabideen laguntzarekin, erruduna topatu eta espetxera bidaltzeko eskatzen du. Ustekabeko hainbat gertakizunek eta kutsatutako justizia batek, okerreko gizona jartzen dute akusatuen aulkian. Zoriaren eta erabaki desesperatuen amaraunean nahasirik, gizon hauek kulparen, arduraren eta erredentziorako eta justiziarako behar intimoen inguruko dilema etikoei aurrez aurre jarri beharko dira, itzulerarik izango ez duen espiral batean.

Gaiak
Kulpa, Ardura partekatuak, Justizia

Kulpa. Filmean zehar argi eta garbi jakingo dugu nork duen gertatutako istripuaren errua. Kulpa sentimenduak pisu handia izango du pertsonaia desberdinengan.
Ardura partekatuak. Gure ekintzek beste pertsonengan eragiten dute, eta horrek eragina du gure erabakietan ere. Indibiduala eta kolektiboa disolbatu egiten dira gatazka egoeretan.
Justizia. Prozesu legalek ez dute halabeharrez justizia ekartzen, baina justizia horren bilaketa etengabea da film osoan zehar.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik


· Kulpari buruz.
Zerbait gaizki egiten dugunean, ezinbestekoa al da aitortzea? Noiz izan duzu kulpa sentimendurik? Nola eman diozu irtenbidea?
· Ardura partekatuei buruz.
Zure gertukoenen arazoak zure arazo ere ba al dira? Zure arazoak eurenak ere ba al dira? Noiz bai eta noiz ez? Besteen erabakiek zugan eragiten badute, parte hartu behar zenuke haietan?
· Justiziari buruz.
Legeak justuak al dira? Sentitu duzu noizbait modu injustuan jokatu dutela zurekin? Jokatu duzu inoiz bidegabekeriaz beste norbaiten kontra? Zer da justua izatea?

…pelikula ikusi ondoren

· Zer eragin du Matias eta bere familiaren bizitzan bere errua ez aitortzeak? Nola darama kulpa sentimendua familiako kide bakoitzak? Victor, aita, errudun sentitzen ala da zerbaitengatik? Lortzen al dute, filmaren bukaerarako, sentimendu hori gainditzea?
· Uste duzu Matiasen ondo egin zuela gertatutakoa familiari kontatzean ala bere barnerako gorde beharreko zerbait dela iruditzen zaizu? Bestetik, Federicok bere kasa ekiten dio justizia bilatzeko bideari, baina, horrek ba al du eraginik bere ingurukoengan? Non hasten dira ardura indibiduala eta familiarena kasu bakoitzean?
· Zein akats bete ditu justiziak errugabe bat espetxera bidaltzeko? Zilegi al da Federicok justizia bilatzeko egiten duen ahalegina? Filmaren amaieran, ba al da justiziarik?

Maialen Lizarralderen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top