Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2006

Iraupena: 91 min.

Herrialdea: Euskal Herria

Zuzendaritza: Raúl de la Fuente

Aktoreak:

Harkaitz Martínez de San Vicente, Igor Otxoa, Mikel Laboa, Bagubahi, Rappai Pootokaren, Ichou Benazza, Batbuyan Butjav, Terje Isungset, Jana Mangi, Garazi Hach, Embarek, Josu Iztueta, Altai Hangai, Jayan Nair, Palani Velu

Produkzioa: Txalap.Art, Arena comunicación, Parallel 40

Nomadak TX

Izenburu originala: Nomadak TX

Laburpena
Mugimenduaren aritik sortzen da soinua. Benetako musikariak bidaitu egin behar du, mugitu. Eta orduan soinu berriak aurkituko ditu. Nomadak TX-ek mugitzen diren bi musikariren istorioa kontatzen du. Txalapartarekin, bi lagunen artean jotzen den instrumentu bitxiarekin, egiten dute bidaia. Beren musika urruneko herri nomadenarekin batzeko Indiara, Laponiara, Saharara eta Mongoliara iritsiko dira. Izotzezko eta ondarrezko desertuak zeharkatuko dituzte, Mongoliako mendiak zaldiz gurutzatuko, Indiako mendebaldea trenez igaroko… soinuen bila egingo dute bidaia. Eta beste herrietan, kulturetan eta paisaietan aurkituko dituzte. Beraiek egiten duten bezala, munduari “hemen gaude”, “bizirik gaude”, “gu gara” esateko musika darabilten lagunengan.

Gaiak
Elkarrizketa, errespetua eta kulturartekotasuna

Elkarrizketa. Txalaparta elkarrizketarako eta komunikaziorako sinbolo eta tresna gisa aurkezten du pelikulak. Elkarrekin sortzeko besteari entzutea eskatzen duen tresna.
Errespetua. Istorioak besteengana errespetuz hurbiltzeko beharra aurkezten du, bakoitzak berezko eta bakar bezala sentitzen duen hori elkarrekin partekatuz; jarrera horrek elkar ezagutzea eta aintzat hartzea, eta elkarrekin aberastea ahalbidetzen du.
Kulturartekotasuna. Pelikulan zehar txalapartariak etnia nomada ezberdinekin jartzen dira harremanetan eta elkarrekin bizi dira. Horretarako, kasu askotan musika komunikaziorako eta harremanetarako bide bezala erabiltzen dute.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Nomada izateari buruz: Zergatik mugitzen dira pertsonak? Zergatik aldatzen dute bizilekua? Zer ematen digu bidaiatzeak?
· Komunikazioari buruz: Hizkuntza bera hitz egiten ez duten lagunak nola komunikatzen dira elkarrekin? Musikak balio al du elkarrekin komunikatzeko?
· Kulturartekotasunari buruz: Zer partekatu dezakete Mongoliako, Saharako, Indiako, Laponiako eta Euskal Herriko lagunek? Zerk erraz dezake beren arteko bizikidetza?

…pelikula ikusi ondoren

· «Txalapartatik sortzen den soinua elkarrizketatik, inprobisaziotik eta solaskideari egokitzeagatik sortzen da. Hala, ez dakizu sekula non bukatuko duzun, bidaia hasten duzunean bezalaxe». Nora eramango gaituen ez dakigun bidaiaren antzekoa al da elkarrizketa? Elkarrekin hitz egiterako orduan horrek beldurra sorrarazten al digu?
· Txalapartak bi lagunen arteko txandakako parte-hartzea eta entzutea eskatzen du. Ideia hori harremanetara eramanez, zeintzuk dira besteari entzuteko zailtasunak?
· Istorioaren bukaeran konposizio musikal berezia eta bakarra entzuten da, kulturen arteko nahasketaren emaitza. Zer da beharrezkoa kultura desberdineko gizartera iristeko?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top