Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2013

Iraupena: 104 min.

Herrialdea: Kanada

Zuzendaritza: Louise Archambault

Aktoreak:  Gabrielle Marion-Rivard, Alexandre Landry, Mélissa Désormeaux-Poulin, Vincent-Guillaume Otis, Benoît Gouin, Sébastien Ricard, Isabelle Vincent, Marie Gignac, Véronique Beaudet, Robert Charlebois, Grégory Charles.

Produkzioa: micro_scope

Gabrielle

Izenburu originala: Gabrielle

Sinopsia

Williams Sindromea duen neska gazte bat da Gabrielle. Bizipoz kutsakorra eta musikarako aparteko talentua ditu. Abesbatzako kideen topagunea den aisialdi-zentroan Martin bikotekidea ezagutzen duenetik, beti elkarrekin egoten dira. Baina “ezberdinak” direlako, senideak harremanaren beldur dira. Gabriellek ahal duen guztia egiten du bere independentzia irabazteko, baina beste pertsonen aurreiritziei egin beharko die aurre, eta baita bere mugei ere, “arruntetik” urruti dagoen maitasun bat bizitzeko itxaropenez. 

Gaiak: Kapazitismoa, zaintza, maitasuna
Kapazitismoa. Aniztasun funtzionala dutenekiko diskriminazio edo aurreiritzi negatiboak agertzen zaizkigu pelikulan, eta baita honi aurre egin eta normaltasuna zer den auzitan jartzen dituzten jarrerak ere.
Zaintza. Norbere buruaren zaintzak (autonomia) eta besteen zaintzaren beharrak talka egiten dute batzuetan.
Maitasuna. Protagonistak harreman erromantiko eta sexualak deskubritzen ditu, eta hauek askatasunez eta modu osasuntsuan bizitzeko oztopoak azalduko zaizkigu.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…

…pelikula ikusi aurretik
· Kapazitismoari buruz: ba al dakizu zer den kapazitismoa? Eta aniztasun funtzionala? Zer da “normala” izatea? Nork erabakitzen du?
· Zaintzari buruz: egunerokotasunean zertan behar duzu laguntza? Zer egiten duzu zeuk bakarrik? Zure inguruan nork zaintzen du nor?
· Maitasunari buruz: edonor al da gai harreman erromantiko eta sexualak izateko? Nolakoa da harreman osasuntsu bat?

…pelikula ikusi ondoren
· Ze abilezia berezi ditu Gabriellek? Zertan da zurekiko ezberdina eta zertan berdina? Bere kabuz bizitzeko gai dela uste duzu?
· Gabriellen ahizpak nola laguntzen dio pertsona bezala hobetzen? Nola aldatzen da Gabrielle-ekiko duen kezka pelikulan zehar? Hezitzaile eta terapeuten lana zer iruditzen zaizu?
· Gabrielle eta Martinen harremana osasuntsua dela iruditzen zaizu? Norbaiti kalte egiten al diote? Nork lagundu dezake eta nola, biak zoriontsu izan daitezen harremanarekin?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top