Sinopsia
Filmeak Riley izeneko neskato baten barne bizitza kontatzen digu. Zehazki, bere baitan bost sentimendu handik nola bat egiten duten: poza, tristura, beldurra, haserrea eta nazka. Pozaren bidetik, batez ere, Rileyren egunerokotasunean sartuko gara, bere oroitzapenen eraikuntzaz eta horiek beragan duten garrantziaz jabetuko gara. Aitaren lan kontuengatik, etxez aldatu beharko du Rileyk. Modu horretan, Rileyren bizimodu egonkor eta zoriontsua hankaz gora jartzen hasiko da. Bere sentimenduak emozioen errusiar mendi batean bezala ibiliko dira, bere sinesmenik sakonenak ere arriskuan jarriz.
Gaiak
Poza, tristura, eboluzioa
Poza. Poza da protagonistaren oinarrizko sentimendua. Pozari esker da zoriontsu Riley eta horrela zoriontsu egiten ditu bere aita eta ama ere.
Tristura. Baina tristura ere nabari zaio. Pozarekin doan sentimendu bezala agertzen zaigu, ezinbesteko ez den sentimendu bezala askotan, baina amaieran funtsezko bihurtuko dena Rileyrentzat.
Eboluzioa. Pertsona baten barneko mundua urte gutxitan nola hazi eta garatzen den erakusten digu pelikulak. Eboluzio honek batzuetan zailak diren aldaketa sakonak dakartza berekin.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Pozari buruz: Nola deskribatuko zenuke poza?; Zein neurritan agertzen da zure bizitzan?; Nola litzateke bizitza emozio hori gabe?
· Tristurari buruz. Nola adierazten da emozio hau zuregan? Gustatzen al zaizu tristura sentitzea? Zertarako balio du? Nola litzateke bizitza emozio hori gabe?
· Eboluzioari buruz. Zure pentsamenduaren eta izateko moduaren ze alderdi aldatu dira azken urteotan? Zerk eragin ditu aldaketa horiek? Zailtasunak egon dira?
…pelikula ikusi ondoren
· Zein da Alegria-ren helburua? Nola lortzen ditu helburu horiek? Riley-rentzat oztopo bilakatzen al da? Ze paper dauka pozak zure “zentralean”?
· Zergatik gainerako emozioei ez zaie Tristeza gustatzen hasieran? Nola laguntzen dio Tristezak Riley-ri? Zer iruditzen zaizu bere itxura? Zure tristurak ze itxura izango luke?
· Pertsonalitatearen Irlen suntsiketa beharrezkoa al zen Riley-ren ongizateari begira? Zure kasuan, gogoan duzu irla hauetakoren bat suntsitu al zaizun? Zeintzuk dira zure funtsezko oroitzapenak? Zure “zentralaren” eboluzioa zein izan da?
Iker Usonen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu