Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2020

Iraupena: 100 min.

Herrialdea: Euskal Herria

Zuzendaritza: David P. Sañudo

Aktoreak: Patricia López Arnaiz, Jone Laspiur, Mikel Losada, Aia Kruse, Luis Callejo, Nagore Aranburu, Mariana Cordero, Gorka Aguinagalde, Fernando Albizu, David Blanka, Iñaki Ardanaz, Miren Gaztañaga, Lander Otaola.

Produkzioa: Amania Films, Departamento de Cultura del Gobierno Vasco, ETB, TVE

Ane

Izenburu originala: Ane

Sinopsia

Gasteiz, 2009. Etxebizitza batzuk desjabetzearen ondorioz bere auzoan izandako istiluen ondoren, Lide, abiadura handiko trenaren obretan segurtasun-zaindari gisa lan egiten duen ama gazteak, bere alaba nerabea, Ane, ez dela etxera lotara joan jakingo du. Lide, Fernando senar ohiarekin batera, alaba non dagoen ikertzeaz gain, Aneren munduan murgilduko da eta ezezagun batekin bizi izan dela konturatuko da.

Gaiak
Familiarteko erlazioak, AHT, euskal gatazka
Familiarteko erlazioak. Lide (ama) eta Fernando (aita) bananduta daude eta euren arteko erlazioa tentsioz josita dago. Gainera, Lideren eta Aneren, bere alaba nerabearen arteko erlazio kaxkarra gehituta, familiarteko giroa itogarria bihurtzen da filmean zehar.
AHT. AHTaren eraikuntzak Gasteizko auzo baten desjabetzea eragiten du. Euskal Herrian AHT gai politiko bat izatera iritsi zen eta batez ere pelikula kokatzen den garaian, gaurko egunera arte. Tentsio nahiz protesta sozialak eragin zituen gaia izan zen (eta da) gure herrietako bazter askotan.
Euskal Gatazka. 2009an euskal gatazka kaleetan somatzen zen oraindik ere. ETA indarrean zegoen eta indarkeria politikoak eragindako giza eskubideen urraketak desberdinek tentsio sozialak eragiten zituen kaleetan.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Familiarteko erlazioei buruz. Zein da zuen erlazioa gurasoekin? Nola bizi duzue nerabezaroa? Zeintzuk dira zuen kezkak?
· Euskal gatazkari buruz. Zer dakizue euskal gatazkari buruz? Zer kontatu dizute etxean gai honi buruz?
· AHTari buruz. Abiadura handiko trena beharrezkoa uste duzue? Zer dakizue gai honi buruz? Zeintzuk dira gehien kezkatzen zaituzteten gai sozialak?

…pelikula ikusi ondoren
· Protagonistek nola jokatzen dute elkarrekin? Zergatik? Anek bere amarekin duen erlazioan identifikatuak sentitzen zarete?
· Protesta soziala beharrezkoa dela uste duzue gizarte batean eskubideak lortzeko? Non dago muga? Indarkeria justifikatu liteke helburu zehatz batzuk lortzeko?
· Zein iritzi duzue AHTaren inguruan film-a ikusi ostean? Zer iruditzen zaizue indarkeariaren erabilera?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top