Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 1999

Iraupena: 107 min.

Herrialdea: Alemania

Zuzendaritza: Caroline Link

Aktoreak: Elea Geissler, Max Felder, Juliane Köhler, August Zirner, Meret Becker, Sylvie Testud, Gudrun Okras, Benno Fürmann

Produkzioa: Bavaria Film / Lunaris Film / ZDF

Ana Luise eta Anton

Izenburu originala: Pünktchen und Anton

Sinopsia
Ana Luisak, edo jende guztiak deitzen dion bezala, Punttuk oso guraso aberatsak ditu, eta hauek beti dute denbora euren konpromiso sozialetarako, ez horrela alabarentzako. Anton, berriz, oso familia pobre bateko sema da, eta arratsaldero izozki denda batean lan egiten du ama ordezkatuz, hura gaixo baitago. Desberdintasun sozial ikaragarrien gainetik, oso lagun onak dira Anton eta Punttu.

Gaiak

Adiskidetasuna, dirua, familia

Adiskidetasuna: Baldintza gabeko adiskidetasuna da filmaren gai zentrala eta muina. Desberdintasun guztien gainetik, bata bestearen mesedea baino bilatzen ez duen harremana erakusten digute protagonistek, benetako adiskidetasuna momentu ederretan nahiz zailenetan lantzen dela agerian utziz.
Dirua:
Pelikulak asko hitz egiten du diruaren inguruan, diruak sortzen dituen desberdintasunak agerian gelditzen dira hasiera-hasieratik. Aberatsek pobreekiko har dezaketen jarrera errukitsu faltsua eta sarri amorala azaltzen du, irudi soziala mantentzeko presioak baldintzaturik bizi diren pertsonaien bitartez. Bestetik, ezer ez duenak ahora zerbait eramateko adina diru lortzeko egin beharreko sakrifizioa ere azaltzen da, baita honen eskuzabaltasuna ere. Modu horretan ahalmen ekonomikoaren arabera sailkaturiko bi pertsonaia mota antitetiko aurkezten zaizkio ikusleari.
Familia:
Familia barneko harremanak zeinen desberdinak izan daitezkeen erakusten digu filmak. Afektibotasuna, elkarrekiko arreta edota maitasuna erakusteko moduak desberdinak baitira etxetik etxera. Bestetik, familia kontzeptua ere desberdina izan daiteke bakoitzarentzat.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira.
Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere.
Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu.
Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera
…pelikularen aurretik

· Adiskidetasunari buruz: Zer da guretzat lagun ona izatea? Nola eragiten dute gure lagun onenen eta gure arteko desberdintasunek gure harremanean? Desberdintasun horiek positiboak iruditzen al zaizkigu?
· Diruari buruz:
Zer sentimendu sortzen digu pertsona batek gurea baino egoera ekonomiko okerragoa duela jakiteak? Eta egoera hobea duela jakiteak? Zer balio edo garrantzia dauka diruak gure bizimoduan, edo bizitzarako ditugun helburu edo ametsetan?
· Familia:
nola laguntzen diogu familiarteko giroari, atsegina izan dadin? Maitasun keinuak ohikoak eta naturalak al dira gure familian ala guk nahi baino urriagoak?

…pelikularen ondoren
· Zein jarrera edo hitzek lagundu dute Anton eta Puntturen arteko adiskidetasuna gero eta indartsuago izaten? Zer egin dute batak besteari laguntzeko?
· Nolakoa da Punttuk bere gurasoekin duen harremana? Eta zaintzailearekin eta etxeko zerbitzariarekin duena? Emakumetasunaren zein eredu erakusten du Punttuk? Zergatik? Nola doa aldatzen Puntturen eta bere amaren arteko harremana filmean zehar? Zer sentimendu dituzte bata bestearekiko filmean zehar? Zein da Punttuk diruarekiko duen ikuspuntua?
· Zeintzuk dira Antonen izaera definitzen duten alderdi nagusiak? Amari laguntzeko ardura gehiegi hartu badu ere, zer ikasi eta erakutsi die ingurukoei Antonek? Zein da Antonek diruarekiko duen ikuspuntua? Lapurreta egiteari dagokionez, nola aldatzen da bere ikuspuntua filmean zehar?

Olatz Praten laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top