Laburpena
Frantzia nazien okupazio-garaian. Nerabezaroan sartzear dagoen Julienek barnetegi katoliko batean ikasten du. Ikasturtea hasita dagoela, Bonnet agertuko da, ikutu misteriotsua duen ikasle berria. Jokuen, borroken eta komunean dituzten interesen bidez, bien arteko adiskidetasuna estutuko da. Batik bat, Julien Bonnetengandik desberdintzen duen horretaz ohartzen denean: bera arioa da, laguna, berriz, judutarra. Louis Malle zuzendariaren haurtzaroko oroitzapenetan oinarritua dago.
Gaiak
Adiskidetasuna, tolerantzia eta bidegabekeria
Adiskidetasuna. Pelikulak bi umeren arteko adiskidetasuna islatzen du. Aurrera egiten duen adiskidetasuna da, nahiz eta egoera geroz eta zailago bihurtu.
Tolerantzia. Protagonisten arteko harremanaren prozesua deskribatzen du istorioak. Elkar ezagutzen doaz, elkar errespetatzen eta onartzen, desberdintasunak desberdintasun.
Bidegabekeria. Gorrotoa, salaketa eta mendeku-egarria ekar ditzakeen portaera bidegabearen ondorio posibleak aurkezten ditu pelikulak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Nortasunari buruz: Zerk zehazten du pertsonen identitatea? Ezaugarri edo alderdi bakarrera muga daiteke nortasuna?
· Adiskidetasunari buruz: Kultura edo arraza desberdineko bi pertsona lagunak izan daitezke? Zeintzuk dira adiskidetasunaren oinarriak?
· Justiziari buruz: Zer ulertzen dugu justiziatzat? Zerk eraman dezake pertsona bat modu bidegabean tratatu dutela sentitzera?
…pelikula ikusi ondoren
· Zerk egiten ditu Julien eta Bonnet desberdin? Eta zertan dira berdinak?
· Julienen eta Bonneten arteko harremanak ibilbidea du pelikulan zehar. Zein da Julienek Bonnetekiko duen jarrera elkar ezagutzen dutenean? Eta Bonnet judutarra dela konturatzen denean? Eta nolakoa da beste pertsonaien jarrera?
· Pelikulan zehar nola sentitzen da Joseph? Modu bidegabean tratatu dute? Zergatik salatzen ditu ikaskideak? Ba al dago ekintza horiek justifika ditzakeen zerbait?
Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Deskargatu gida didaktikoa