Pertsona batek beste bati matematika, hizkuntzaren, lanbideren edota kirolen bat irakatsi behar badio, gutxi gorabehera bada ere, imajina dezakegu zer jakin behar duen horretarako. Diziplina horietarako araututako edukiak ikasi eta barneratu beharko ditu, horiek ulertzeko eta transmititzeko. Baina erantzuna ez da horren argia, baldin eta horrelako galderak egiten badizkiogu geure buruari: zer jakin behar dugu pertsona izaten hezteko? Zer ikasi behar da bakeko, bizikidetzako, justiziako, giza eskubideen, adiskidetzako, errespetuko, berdintasuneko eta abarreko oinarrietan hezteko? Edota zer ikasi behar da elkarrizketako, laguntzako, eskuzabaltasuneko, lan-taldeko eta abarreko oinarrietan hezteko? Edota zer zailtasunari, bakardadeari, sufrimenduari, heriotzari, bizitzak duen zentzuari, laguntasunari, aitatasunari eta amatasunari, maitasunari eta abarri aurre egiteko? Erantzuna zein den ez da garbi asmatzen; baina galderak hezkuntza- eta bizitza-arloari eragiten dio nabarmen. Eremu horretan sakondu nahi du Jonan Fernandezek idatzi eta Baketik-ek argitaratu duen Pertsona izaten hezi. Zortzi ikaskuntza liburuak.
Nola hezten da hezitzailea? Ez dagokie ardura hau irakaskuntzako hezitzaileei bakarrik. Ia guztion ardura da. Lanbidea dela-eta dagokigu irakasleak bagara; sena eta bokazioa direla-eta, seme-alabek modu etikoan bizitzea nolako garrantzitsua den barneratzea nahi duten aita-ama bagara. Geure ardura da ogibidez gizakiarena den arloan murgildu ohi bagara: psikologia, pedagogia, gizarte-lana eta -hezkuntza eta abar. Geuri dagokigu, halaber, baldin eta lan-talderen, enpresaren edota elkarteren baten gaineko ardura badugu. Eta geure egitekoa da komunitateari beste balore batzuetan oinarriturik heztea proposatzen dion gizarte-erakunde bateko kideak bagara.
“Nola hezi pertsona izaten?” galdera horrek, gainera, badu beste bat aurretik: Nola hezi naiteke ni neu pertsona izaten? Ezin ninteke inolaz hezkuntzako eragile izan ikaskuntzako esperientzia hori aurretik bizi izan gabe. Haratago egin genezake, izan ere, hizpide dugun gaia ez da edonolakoa. Kontua ez da nik neuk pertsona izaten ikasteko heziketa jasotzea beste batzuei ondoren heziketa hori emateko behar dudan ezagutza funtzionala delako. Beste muturrean, gizakia izatea, gizakia izaten ikastea, nik neuk bizitzan jokatu beharreko erronka da. Arrazoiz zoriontsu bizitzeak badu zerikusirik gizaki izateak dakarzkigun mugen eta aukeren eremuan bizitza ahokatzeko gai izatearekin.
Nola hezi neure burua eta besteak pertsona izaten? Horixe da arduratzen gaituen gaia. Eta horri erantzuna emateko honako Hezkuntza-Proposamena egiten dugu Baketik-etik, Arantzazuko bake zentrotik. Pertsona izaten geure buruak eta besteak hezteko modu erabakigarrian laguntzen duten ikaskuntzako zortzi esperientzia daudelako uste osoa dugu. Horietako lau oinarrizko ikaskuntzak dira: gizakiaren izaera mugatua esker onaren zentzua, kontzientziari entzutea eta giza duintasunaren esanahia. Beste hiru ikaskuntza instrumentalak dira: elkarrizketaren plusa, enpatiaren plusa eta pazientziaren plusa. Eta azkena funtsezko ikaskuntza da: maitasunaren ikaskuntza.
Horiek denek Baketikek abian jarri duen Izan Hezkuntza-Proposamena osatzen dute. Proposamen honen oinarrian honako ustea dago: pertsona izaten hezteko materialik aberatsena gizakiak berezkoena duen horren muinean, ariman eta bihotzean dago. Ez dira beharrezkoak ikaskuntza konplexuak, ezta asmakizun handiak ere. Barru-barruan dugu funtsezkoa. Amaigabeko ahalmena duten hezkuntzako baliabideak aurki ditzakegu geure mugetan eta geure aukeretan. Ez dugu ezer asmatuko, pertsona bakoitzari emana zaion horri argia eta indarra ematea ez den beste ezer. Ideia horren inguruan biltzen dira geure buruak eta besteak pertsona izaten hezteko zortzi ikaskuntza horiek.
Izan izena du Hezkuntza-Proposamenak bere asmo sakonena pertsona izan dadin lortzea delako. Izaten hezteko proposamena da hau. Zortzi ikaskuntzak hezkuntza-proposamenaren eremu teorikoa dira, baina atal praktiko banak osatzen ditu. Irakasleei eta familiei zuzentzen zaizkie batik bat ariketa praktiko horiek. 250 inguru iradokizun dituen teoria praktikara eramateko sarbidea oso erraza da; maiatzaren 8tik aurrera Baketik-eko web gunean (www.baketik.org) sartzea baino ez da.
Atal praktikoa hezkuntza-alorreko langileei, familiei eta irakasleei zuzentzen zaie bereziki; baina bere alderdi teorikoa bizitzaren, bizikidetzaren edota hezkuntzaren inguruan kezka duen edozein lagunentzat da aproposa. Izan Hezkuntza-Proposamenak norberak bere burua zortzi ikaskuntzatan oinarriturik heztea nahi du, ondoren beste lagun batzuk horietan hezi ahal izateko. Hala, «ikaskuntza» diogunean, argitu beharra dugu ez dela gai teorikoak ikasten diren bezalako materialik. Praktika irudikatzen duen bizipen multzoa besterik ez da. Eta horrek irakasten digu, hain zuzen ere, zertan eta nola hezi dezakegun. Asmoa ez da buruz ikastea, ezpada esperimentatzea.
Izan Hezkuntza-Proposamena ez da hutsetik sortu, 2006an Baketik-ek bere ibilbideari ekin zionetik izandako esperientziaren emaitza da. Liburu honen aurrekariak Ser humano en los conflictos (Alianza, 2006) eta Vivir y convivir. Cuatro aprendizajes básicos (Alianza, 2008) liburuak dira. Aurretik igotako mailak, eta 6.000 inguru lagunek egin dituzten ikastaro-programako oinarriak.
Esperientzia horrek eskaera orokor bat antzemanarazi digu: bizitzako eta bizikidetzako ikaskuntzak landuko dituen gizarte mailako pedagogia baten beharra. Horrek liburu horien eta horietan oinarritutako ikastaroen gogoeta eta bizipena hezkuntzako alorrera bideratzera eraman gaitu. Helburu horrekin Hezkuntza-Proposamen honetako lehen zatiak Cuatro aprendizajes básicos liburuko 4., 5., 6. eta 7. kapituluak eguneratu ditu. Liburu hau ere aurreko biak bezala abiapuntu irekia dira, proposamen bat. Bizipenetik, esperientziatik eta praktikatik sortu da; eta bizipenetik, esperientziatik eta praktikatik sortuko diren gogoeta berriek hobetu beharko dute.