Sinopsia
Elsak, Arendelleko printzesak, dohain berezi bat du: gauzak izoztu ditzake. Gaitasun hau Annarekin, hots, bere ahizpa txikiarekin, jolasteko erabiltzen du, baina ezbehar baten ondorioz bere bertutea mundu guztiari ezkutatzea erabakitzen dute Elsak eta bere gurasoek. 21 urte betetzean erregina izendatuko dute eta beldurraren eraginez erreinua neguan murgilduko du. Annaren eta mendian bizi den gazte ausartaren laguntzaz, Elsak bere beldurra gainditu, bertutea menperatu eta udara berrezartzea lortuko du.
Gaiak: Beldurra, ausardia, maitasuna
Beldurra. Desberdina izateagatik edota definitzen zaituen berezitasun batek besteengan nola eragin dezakeen beldur izateagatik, zure baitan itxi eta berezitasun hori ezkutatzea aukera dezakezu. Baina beldur horri aurre eginez gero eta zure berezitasuna ulertuz gero, gauzak ongi bideratzea lor dezakezu.
Ausardia. Egoera zaildu eta ezustekoz beteriko bide batean murgiltzean, ausart mantentzearen garrantzia ikusarazten digu. Determinazioak eta barne indarrak, egoerari buelta ematen edota irtenbideak topatzen laguntzen digutela ikus dezakegu.
Maitasuna. Maitasunaren ezaugarri desberdinak aztertzen ditu. Liluran oinarritutako maitasuna, ezagutzaren eraginez sortzen dena eta benetako maitasuna, hots, bihotzetik irteten dena eta interesik ez duena. Ohiko printze urdinaren eta bat-bateko maitasunaren kontzeptuak auzitan jartzen ditu.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Beldurrei buruz: zertan oinarritzen da beldurra? Nola egin diezaiokegu aurre? Zergatik da garrantzitsua beldurrei aurre egitea?
· Ausardiari buruz: zein jarrera mota da ausartarena? Nola laguntzen digu ausardiak egunerokotasunean? Konfiantzarekin zer ikusirik ba al du?
· Maitasunari buruz: maitasun mota desberdinak existitzen al dira? Zer litzateke maitasuna?
…pelikula ikusi ondoren
· Zergatik ezin du Elsak bere gaitasuna kontrolatu? Zeren beldur da? Zergatik ezkutatzen da?
· Annak uste du Hansetaz maitemindu dela, baina zertaz konturatzen da azkenean? Bere ustezko maitasuna zertan oinarritzen zen?
· Hansen jarrera etikoki zuzena al da? Nola eragiten die gainontzekoei bere erabakiak? Zer erakusten du Hans eta Annaren arteko erlazioak?
· Kristoffek Annari laguntzea erabakitzen du, zergatik? Zein desberdintasun dago bere eta Hansen jarreraren artean?
· Elsak bere dohaina ulertzen duenean hau erabiltzen ikasten du. Zer ikasi daiteke guzti horretatik? Ezkutatzeak ze ondorio izan ditu? Eta bere gaitasunari aurre egiteak?
Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.