Nola eman dezaket feedback-a?

Gure egunerokoan, batzuetan kudeatzea kostatzen zaigun egoerak aurkitzen ditugu, eta une horietan, nahiz eta asmorik onenarekin jardun, gure ekintzek tentsio-, ulertezintasun- eta ezinegon-egoerak sor ditzakete beste pertsonarengan. Horien artean dago norbaiten lana edo jarduna iruzkintzea edo honi feeback-a ematea (ohiko bihurtu den anglizismoa), pertsona askorentzat ariketa deserosoa eta zaila baita.

Zalantzarik gabe, feedback prozesua delikatua da. Hala eta guztiz ere, gogoan izan behar da iruzkindu den hori eta/edo beste pertsonaren ikaskuntza-prozesua hobetzen laguntzeko ahaleginetik sortu dela feedback-a. Lerro hauetan, lan-ingurunean edo ingurune akademikoan ematen den feedback-ari buruz ari gara, eremu horietan erabiltzen baita normalean, nahiz eta dimentsio pertsonal-erlazional batean ere aplika daitekeen.

Jarraian, zure feedback-a prestatzeko bi modu aurkituko dituzu:

  1. Sandwicharen metodoa

Sandwich edo hanburgesa batean bezala, kritikak edo hobetu daitezkeen puntuak (betegarria) alderdi positiboak nabarmentzeko iruzkinen (opilak) artean tartekatuko ditugu.

  1. Eskuaren metodoa

Esku bateko bost hatzak bezala, gure feedback-a ematean, bost galdera hauei erantzuten saiatuko gara:

  1. Zer gustatu zait gehien?
  2. Zer ikasketa eramango dut?
  3. Zer gehituko zenuke?
  4. Zeintzuk dira indarguneak?
  5. Zeintzuk dira hobetzeko puntuak?

Indarkeriarik gabeko komunikazio-teknika horiek, beste batzuen artean, Studi Sereno Regis Zentroak antolatutako Participation Needs Non Violent Debate proiektuan landu ziren. Proiektu horretan gazte talde batek parte hartu zuen, UABko Escola de Cultura de Pau elkartearen bitartez, eta horien artean izan zen Ainhoa Azkarate, Baketik-eko kidea.

Scroll to Top