Haur eta Nerabeen Euskal Lege berriari buruz

Lege berri honek, lehen aldiz, familia- edo egoitza-harreran dauden adingabeen eta boluntarioen arteko harremana jasotzen du. Azkenean, Izeba Proiektua bezalako programek erreferentziazko lege-esparru espezifikoa izango dute.

Otsailaren 21ean Haur eta Nerabeen 2/2024 legea, otsailaren 15ekoa, onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Legea abuztuan sartuko da indarrean, eta urrats garrantzitsua da haurrei eta nerabeei dagokienez nazioarteko, Europako eta Estatuko lege-esparrura egokitzeko. Lege horren xedea da haurren eta nerabeen eskubideak maila desberdinetan (gizartean, arlo juridikoan edo administrazio-esparruan) benetan gauzatzen direla bermatzera bideratutako ekintzak eta baliabideak sustatu edo ezartzea.

Lege horrek Nazioarteko legeetan jada modu zabalean jasota dauden premisak eta oinarrizko eskubideak osatu eta tokiko errealitatera ekartzen ditu. Honakoez ari gara: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1948) eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa (1989), sozialki ezagunagoak izan daitezkeenak; edo estatu mailan, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoa (1996) edo haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko lege integral berriena (2021).

Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegoan, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legea (2005) arduratu da gure lurraldeko adingabeen eskubideak zaintzeaz. Hala ere, lege horrek hezkuntza- edo osasun-arloko berariazko alderdiak arautzera mugatzen du bere jarduera, eta kanpoan uzten du egoera ahulenean dauden adingabeen babesa, hala nola arrisku-egoeran edo babesgabezia-egoeran dauden adingabeen babesa.

Onartu berri den Haur eta Nerabeen Lege berriak (2024), ordea, erreferentzia-esparru juridiko berria ireki du Euskadin haurrei eta nerabeei dagokienez: aurrerapausoak ekartzen ditu haurren eta nerabeen bizitzako esparru guztietan (hezkuntzan, osasunean, familian, gizartean, judizialean eta abarretan) eskubideak aitortzeko, sustatzeko, prebenitzeko eta leheneratzeko edo berreskuratzeko prozesuan. Eta, horiek aintzat hartzeko, gizarte osoaren (sektore pribatuaren zein botere publikoen) erantzukidetasun-betebeharra funtsezkotzat hartzen du.

Legaren 337 artikuluetan, haur eta nerabeen ongizatea bermatzeko sustapen, prebentzio, zaintza eta babesa lortzeko beharrezkoak diren jardueren eskumen-esparrua ezartzen du, bai eta ezarritako helburuak bermatzeko koordinazio-, lankidetza- eta partaidetza-egiturak ere, eta, betiere, haurraren edo nerabearen interes gorena.

Baina, gainera, Haurren eta Nerabeen Lege berriak (2024) lehen aldiz jasotzen du familia-harreran edo egoitzetan dauden adingabeen eta boluntarioen arteko harremana. Zehazki, 218. artikuluan. Esan dezakegu lehen aldiz Izeba Proiektua bezalako programek erreferentziazko lege-esparru espezifikoa dutela.

Artikulu horretan jasotzen denez, pertsona boluntarioekiko harremanen bidez, adingabeak komunitatean normaltasunez integratzea bilatuko da, gizartean edo pertsonen arteko harremanetan moldatzeko trebetasunak lor ditzaten, eta, azkenik, ingurune berrietara egokitzeko gaitasuna hobetzea bilatuko da, haien bizitza etorkizun hobe batera bideratzeko.

Kristina Soares eta Maite Aseginolaza

Scroll to Top