Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2009

Iraupena: 103 min.

Herrialdea: Espainia

Zuzendaritza: Álvaro Pastor, Antonio Naharro.

Aktoreak:

Lola Dueñas, Pablo Pineda, Isabel García Lorca, Pedro Álvarez Ossorio, Antonio Naharro, María Bravo, Consuelo Trujillo, Daniel Parejo, Lourdes Naharro, Catalina Lladó, Susana Monje, Joaquín Perles, Teresa Arbolí, Ana Peregrina, Ana de los Riscos, Ramiro Alonso

Produkzioa: Alicia Produce, Promico Imagen

Yo, también

Izenburu originala: Yo, también

Sinopsia
Daniel, 34 urteko Sevillako gaztea, unibertsitateko titulua lortu duen lehen Down sindromedun europarra da. Administrazio publikoan ekingo dio bere lan-bizitzari, eta hantxe ezagutuko du Laura, lankidea. Beren laneko eta familiako giroan azkar emango du atentzioa biok hasitako laguntasun-erlazioak. Erlazioa arazo bihurtuko da Laurarentzat Daniel berarekin maitemintzean.

Gaiak
Desberdintasuna, gizakiaren izaera mugatua eta bakardadea

Desberdintasuna. Estereotipo hutsera murriztu gabe, edo baztertu, errukitu edota gehiegi babestu gabe, desberdina denarekin bizitzeko gizakiak duen zailtasuna deskribatzen du pelikulak.
Gizakiaren izaera mugatua. Istorioak giza izaeraren berezko mugak islatzen ditu, batzuk besteak baino nabarmenagoak. Eta horien bidez hobetzeko eta elkarrekin hobeto bizitzeko dugun gaitasuna garatzeko, muga horiei aurre egiteko eta muga horiek onartzeko beharra azpimarratzen du.
Bakardadea. Pelikulak gizakiaren bakardadea erakusten du; berezko bakardadea, desberdintasunak eragindako bakardadea, mugei aurre egiteko ditugun zailtasunek eragindako bakardadea.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak

Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Normaltasunari buruz: Zer esan nahi du normala izateak? Zergatik ematen digu beldurra desberdintasunak?
· Gizakiaren izaera mugatuari buruz: Nola egiten diegu aurre geure mugei, zailtasunei eta beldurrei?
· Bakardadeari buruz: Zerk sentiarazten gaitu bakarrik? Nola estaltzen dugu bakardade hori?

…pelikula ikusi ondoren

· Nolakoak dira Daniel eta Laura? Nola egiten diete aurre beren zailtasunei?
· Nolakoa da Danielen eta Lauraren arteko erlazioa? Zerk batzen ditu? Zerk ahalbidetzen du beren erlazioa?
· Laurak honakoa dio: «Hau gaur bakarrik gertatuko dela ulertu dezazun behar dut». Zergatik esaten du hori? Zer sentitzen dute Danielek eta Laurak batak bestearengatik?
· Zer esan nahi du pelikularen izenburuak? Zerbait errebindikatzen al du? Zer? Zergatik?

Itxasne Etxeberriaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top