Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2011

Iraupena: 110 min.

Herrialdea: Libano

Zuzendaritza: Nadine Labaki

Aktoreak: Nadine Labaki, Kevin Abboud, Claude Baz Moussawbaa, Julian Farhat, Ali Haidar, Leyla Hakim

Produkzioa: Libano-Frantzia arteko produkzioa, Les Films des Tournelles

¿Y ahora adónde vamos?

Izenburu originala: Et maintenant on va où?

Sinopsia
Beltzez jantzitako emakumeen segizio bat hilerrira doa, eguzki kiskalgarripean, beren senar, aita edo semeen argazkiak gorputzaren kontra gogor eutsiz. Denek konpartitzen dute min berbera, zorigaiztoko eta alferrikako gerra baten ondorioz. Hilerriaren sarrerara iristean, segizioa bi taldetan banatzen da: bata musulmana eta bestea kristaua. Gerrak txikitutako herrialde batean, emakume hauek beren familiak kanpoko edozein motatako mehatxuetatik babesteko ausardia apurtezina erakusten dute. Sormenez, amarru xelebreenak erabiliz, gizonen arreta desbideratzen saiatuko dira gorrotoa atzean utz dezaten.

Gaiak
Dolua, Gerra, Sormena

Dolua. Indarkeriak eta segregazioak suntsitutako komunitatea da; familia guztietan dituzte hildakoak. Egunerokotasuna normalitatez bizi dute, galeraren mina eta iraganeko indarkeriaren sufrimendua hor egon arren oraindik.
Gerra. Kristauak eta musulmanak era baketsuan bizi dira elkarrekin herri txiki batean, kanpoko indarkeriak gerretan ohikoa diren gorrotoa eta polarizazioaren logika txertatzen dien arte gizonei. Emakumeak, galeraren sentimendua azalean, ez dute onartzen etsaien logika horrekin jokatzea.
Sormena. Emakumeek beren sormen mugagabea erabiltzen dute gizonak indarkeriara itzul ez daitezen. Helburu partekatu horrekin bat egiten dute eta ekintza harrigarriak abiarazten dituzte gizonei lotzen dituzten hori guztia gogorarazteko.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik


· Doluari buruz.
Galera injustizia batek sortu duenean, mendekuak mina apal dezake? Nola bizi daiteke dolu osasuntsu bat? Ona da hildakoak kolektiboki gogora ekartzea?
· Gerrari buruz.
Zergatik ezberdintasun batzuk elkarren etsai bezala ikustera garamatzate? Zergatik ez da gauza bera gertatzen beste ezberdintasun batzuekin? Ze lotura dago gorrotoa edo herra eta indarkeriaren artean?
· Sormenari buruz.
Gizakiak sormen mugagabea duela kontuan izanik, aprobetxatu ohi da gatazken eraldaketan? Zerk oztopatzen du? Zerk erraztu? Etikak eta sormenak badute harremanik?

…pelikula ikusi ondoren

· Antzematen al dira galeraren ondorioak herriko jendearen egunerokotasunean? Nola sentitzen dira barrutik zure ustez? Nola azaltzen duzu Nassim-en amak bere semearen heriotza ezkutatzeko gai izatea eta erabaki hori hartzea? Gauza bera egingo zenuke halako egoera batean?
· Kristauek eta musulmanek ezberdintasun gehiago al dituzte partekatutako gauzak baino? Zergatik sentitzen dute gizonek besteak mehatxua direla? Zer iritzi duzu lider erlijiosoen paperaren inguruan pelikulan zehar?
· Zergatik dira gai emakumeak indarkeriarik gabeko konponbide horiek asmatzeko eta gizonak ez? Ekintza horiek etikoak al dira? Zilegi al da iruzurra eta gezurra erabiltzea ongi nagusiago baten alde?

Maialen Lizarralderen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top