Sinopsia
David Imazek Euskaditik ihes egin behar izan zuen 70eko hamarkadaren erdialdean, beretarrek baztertu eta traizioa leporatu ziotenean. Kalifornian zoriona aurkitu arren, oraindik atsekabea sortzen dio iraganak, eta erru-sentimenduak ez dio utziko bizitzaren azken egunak lasai ematen. Joseba Altuna, txikitako laguna, agur esatera joango zaio, eta, bide batez, konpondu gabekoak konpontzera. Denbora luzea eman dute elkar ikusi gabe, baina iritsi da egiari aurre egiteko unea. Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritua.
Gaiak: Trantsizioa (historia), traizioa, adiskidetasuna
Trantsizioa. Pelikula 1957 eta 1999 urteen arteko Euskal Herrian kokatzen da, hain zuzen ere frankismoa, trantsizioa eta demokrazia deritzogun testuinguru historikoetan.
Traizioa. Hainbat pertsonaiek hautu etikoei egin behar diete aurre, eta leialtasun politikoek, familiakoek edo adiskidetasunekoek elkarrekin talka egingo dute.
Adiskidetasuna. David eta Josebaren arteko adiskidetasuna da filmaren ardatza, eta lantzen diren gai guztiak biltzen ditu.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikularen aurretik
· Trantsizioari buruz. 1957 eta 1999 urteen arteko Espainiako testuinguru historikoa ezagutzen duzu? Zer gertatu zen Euskal Herrian garai hartan?
· Traizioari buruz. Gauza bera da promesa haustea edo traizio egitea? Zer esan nahi du leialtasunak? Leialtasunei lehentasuna emateko modu zuzen edo etikorik badago?
· Adiskidetasunari buruz. Lagun bati traizio egiteak automatikoki hausten du harremana? Nola berreraikitzen da adiskidetasun hondatu bat?
…pelikularen ondoren
· Politika eta harreman pertsonalak hautatu behar dituztenean, zer aukeratzen du pertsonaia bakoitzak? Ze balio daude erabaki horien atzean? Norentzat da zailagoa?
· Urte askoan Josebak Daviden aurrean izan duen isiltasuna ulergarria da? Ondo egiten du une horretan apurtzen? Zauriak sendatzeko balio du?
· David zer da lehenengo, semea, laguna edo militantea? Eta aita? Zein da euren arteko gatazkarik handiena? Harremana hobetu liteke?