Sinopsia
Rashomon tenplu eraitsiaren atepean, Kioto zaharrean, egurgile, apaiz budista eta erromes bana uholde-euritik babestu dira. Hirurak gizon feudal bat hiltzea eta haren emaztea bortxatzea leporatzen dioten bidelapurrari egindako epaiketari buruz eztabaidatuko dira. Gertakariak lapurraren, emaztearen, hildakoaren –medium baten laguntzarekin– eta egurgilearen –gertatutakoaren lekuko bakarra– ikuspegitik kontatuko dira.
Gaiak
Egia, giza izaera eta konfiantza
Egia. Egiari buruzko gogoeta erakusten du filmak. Erlatibismoan eta eszeptizismoan ez erortzeko egiazko irizpideen beharra islatzen du.
Giza izaera. Norberaren bizipenak kontatzerako orduan onuradun izateko eta errealitatearen irudi leiala ez emateko giza izaeraren berezko joera deskribatzen du istorioak.
Konfiantza. Erabateko mugak izan arren, gizakia behin betiko ez epaitzeko beharra erakusten du filmak. Pertsonaren onenean eta aldatzeko aukeran konfiantza izateko garrantzia azpimarratzen du.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera
…pelikula ikusi aurretik
· Egiazkoari buruz: Ba al daude bizitzan egiazko irizpideak edo guztia da erlatiboa?
· Kontatzeari buruz: Zergatik egiten zaigu, batzuetan, horren zaila gertatutakoa benetan gertatu den bezalaxe kontatzea? Zer behar da egiarekin leiala izateko?
· Konfiantzari buruz: Haren inperfekzioa edota gauzak modu partzialean kontatzeko joera gainditurik, zerk ahalbidetzen digu pertsonarengan konfiantza izatea?
…pelikula ikusi ondoren
· Filmak gertakari beraren lau bertsio desberdin erakusten ditu. Zein da egiazko bertsioa, baten bat bada egiazkoa dena? Zergatik dira lau istorioak horren desberdinak?
· Zein alderditan desberdintzen dira lau istorioak? Zergatik?
· Istorioaren amaieran, monjeak egurgileari honakoa esaten dio: “Zeuri esker jarrai dezaket gizakiengan konfiantza izaten”. Zergatik esaten du? Zerk eramaten du konfiantza berreskuratzera?
Begoña Gómezen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu