Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2016

Iraupena: 93 min.

Herrialdea: Txile

Zuzendaritza: Pepa San Martín

Aktoreak: Julia Lübbert, Emilia Ossandón, Mariana Loyola, Agustina Muñoz, Daniel Muñoz, Coca Guazzini, Sigrid Alegría, Micaela Cristi.

Produkzioa: Manufactura de Peliculas, Le Tiro Cine.

Rara

Izenburu originala: Rara

Sinopsia
Mutilak gustuko izatea, tentel hutsak direla jakin arren. Lagun onenari pega-pega eginda bizitzea, eta aldi berean sekreturen bat edo beste ezkutatzea. Eskolan arazoak izatea eta zure gurasoak liskarrean ibiltzea une oro. Hauek dira Sara bezalako 13 urteko neska batek bizi dituen gauzak. Ez dio arazorik sortzen bere ama beste emakume batekin bizitzeak, bere aitak bestela pentsatu arren.
Lesbiana izateagatik bere alaben zaintza debekatu zioten epaile txiletar baten kasuan inpspiratutako pelikula.

Gaiak: Lesbofobia, familia, nerabezaroa
Lesbofobia. Sararen amak emakume bat du bikotekide. Pelikulako pertsonaia batzuek ez dute bere orientazio sexuala onartzen, eta oztopoak jarriko dizkiete.
Familia. Familiarteko harremanak pelikularen haria dira: ahizpen arteko harremana, banandutako ama eta aitaren artekoa, etxe berean bizi direnena…
Nerabezaroa. Sara nerabezaroan sartzen hasia dago, horrek dakartzak aldaketa, behar berri eta tentsio guztiekin.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.


Zenbait galdera…

…pelikula ikusi aurretik
· Lesbofobiari buruz: ba al dakizu zer den lesbofobia? Zer motatako diskriminazioak jasan ditzake emakume lesbiana batek zure ustez?
· Familiari buruz: ba al da familia normalik inon? Senideen arteko harremanak beti al dira zailak? Zergatik?
· Nerabezaroari buruz: zer behar du zure ustez neska nerabe batek bere bizitzan?

…pelikula ikusi ondoren
· Nola bizi du Sarak bere amaren bikotekidea emakumea izatea? Bere bizitzan gertatzen ari den guztiaren artean, zerk arduratzen du gehien?
· Nolakoa da senide ezberdinen arteko komunikazioa? Elkar ulertzen al dute? Zergatik bai/ez?
· Zure ustez, nor da istorio honetan “arraroa”? Nor sentitzen da arraroen?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top