Sinopsia
Hunter doktorearen bizitzan oinarrituriko filma da Patch Adams. Bertan, Patchek psikiatrikoan sartzen denetik, mediku izatera egin zuen bidea kontatzen da. Medikuntzaren munduan metodo berrien aplikazioa gauzatzen du eta horiei esker minbizia duten hainbat gaixori animoa berreskuratzen laguntzen die, baita medikuntza alternatibo baten sorrera bultzatu ere.
Gaiak: Aldaketa, pazientzia, berekoikeria
Aldaketa. Gauzak egiterakoan edota erabakiak hartzerakoan guztiz ortodoxoak eta protokolo zurrunekoak diren instituzio, formazio edota enpresetan aldaketek sortzen duten beldurragatik gauza berri edo desberdinak probatzeari uko egiten diete. Film honek aldaketaren aldeko apustua egiten duenaren eta horri oztopoak jarri nahi dizkionaren jarrerak erakusten dizkigu.
Pazientzia. Guztia aurka daukazula dirudien momentuan edota denak aurka dituzula dirudienean, lasaitasunez eta zuzentasunez zureari eustea litzateke pazientzia. Film honetan, aktiboki paziente izaten dakien pertsonaren lorpenak azter ditzakegu.
Berekoikeria. Egoerak eraginda berea ezarri edo bere onurarako besteen aurka izandako jarreren ondorioak ikus litezke. Jarrera berekoi horien ondorioz bizitzak ematen dizkizun lezioak aztertzeko egokia da filma.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Aldaketari buruz: sarritan aldaketen beldurrak, hauek bultzatu nahi dituztenen aurkako jarrerak eragiten dituzte. Baina garrantzitsua al da aldaketei atea irekitzea? zergatik?
· Pazientziari buruz: zertan datza pazientzia? Nola eragiten die ingurukoei norbaiten pazientzia faltak? Eta pazientzia izateak zertan/ nola lagun diezaguke? Bizitzako zailtasunei nola egiten diezu aurre zuk?
· Berekoikeriari buruz: zertan datza berekoikeria? Berekoien jarrerak nola eragiten die ingurukoei?
…pelikula ikusi ondoren
· Patchen metodoa gaixoei barre eragitea da, baita hauek ondo sentiaraztea ere. Horrek lagun al diezaieke bere gaitzari aurre egiten? Zergatik? Zer iruditzen zaizu bere metodoa? Liburuetatik at dagoen ezagutzak zertan lagun diezaguke? Gizatasuna garrantzitsua al da mediku batean?
· Walcottek fakultatean medikuak egiten dituztela baieztatzen du baina gaixoak zenbaki modura zaintzen dituzte. Etikoa al da gaixoekiko bultzatzen duten jarrera? Zergatik?
· Walcottek hainbat ekintza burutzen ditu Adamsek mediku titulua lor ez dezan. Zergatik ez du bere metodoa kontuan hartu nahi? Bere jarrera zuzena al da? Zer ikaskuntza atera dezakegu biltzarrean gertatzen denetik?
Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.