Sinopsia
Norak 30 urte ditu, Nicolás aitona argentinarrarekin bizi da eta bere bizitza ez da berak uste zuena. Lan txikiak ditu eta ia ez da herritik atera. Aitona galdu duenean, Euskal Herriko kostaldean zehar bidaiatzea erabaki du, bere errautsak amonaren errautsen ondoan eramateko.
Gaiak
Espektatibak, sentimenduak eta harremanak, zoriona
Espektatibak. Road movie honek Nora aurkezten digu, bere itxaropenei aurre egiten saiatzen den 30 urteko emakumea.
Sentimenduak eta harremanak. Norak bidaia bati egin behar dio aurre, libre izateko, hazteko eta zauriak ixteko aitzakia gisa.
Zoriontasuna. Protagonistak zoriontasuna aurkitzeko duen gaitasuna garatzen duen prozesua erakutsiko digu filmak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Espektatibei buruz: nola uste duzu bizi behar duela 30 urteko emakume batek? Zergatik? Zertan oinarritzen dira espektatiba horiek?
· Sentimenduei eta harremanei buruz: nola uste duzu senti daitekeela espektatiba horiek betetzen ez dituen pertsona bat? Zergatik? Inguruko jendeak nola eragiten du horretan? Familiak, lagunak…
· Zoriontasunari buruz: zer behar da 30 urterekin zoriontsu izateko? Eta 50ekin? eta 70ekin? Nork bere espektatibak edo ingurukoenak bete gabe zoriontsu izan daiteke?
…pelikula ikusi ondoren
· Nolakoa da Noraren eta haren aitonaren, gurasoen eta Meri lagunaren arteko harremana (aitona hil aurretik)? Harreman onak al ditu protagonistak?
· Zerk eragiten dio Norari aitonaren heriotzak? Nola aldatzen da bizitza? Zergatik? Aldaketa hori Noraren erabakien emaitza da?
· Filmaren eta bidaiaren amaieran, Nora zoriontsua da? Argudiatu zure erantzuna.