Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2019.

Iraupena: 121 min.

Herrialdea: Frantzia.

Zuzendaritza: Ladj Ly.

Aktoreak: Damien Bonnard, Alexis Manenti, Djibril Zonga, Jeanne Balibar, Steve Tientcheu, Issa Perica, Al-Hassan Ly, Almamy Kanoute, Nizar Ben Fatma, Raymond Lopez, Luciano López, Jaihson Lopez, Sana Joachaim, Lucas Omiri, Rocco Lopez, Zordon Cauret, Steve Cauret, Omar Soumare, Abdelkader Hoggui

Los miserables

Izenburu originala: Les misérables

Sinopsia

Stéphanek delinkuentziaren aurkako brigadarekin bat egin berri du Montfermeilen, Parisko aldirietako ekialdeko auzo batean. Han, Chris eta Gwada eskarmentu handiko bi kide ezagutuko ditu, eta laster auzoko talde ezberdinen arteko tentsioen berri izango du.

Gaiak
Arrazakeria, indarkeria poliziala, futbola

Arrazakeria eta bazterkeria. Victor Hugoren “Los Miserables” obraren eszenatoki berbera erabiltzen du zuzendariak, adierazteko nolabait, batzuentzako bizi baldintzak ez direla asko hobetu Frantziako Iraultzan girotutako eleberriaren garaitik, eta indarkeriaren haziek sustraiak botatzen jarraituko dutela egoerak hobera egiten ez duen bitartean. Izan ere, etorkinak eta euren familiak, Pariseko aldirietan bizitzen jarraitzen dute, desberdinkerian eta bazterkerian murgildurik. Frantziako herritarrak badira ere, Liberté, égalité, eta fraternité-ren lelopean, bertan bizi diren pertsonen egunerokoek beste errealitate bat irudikatzen dute.

Indarkeria poliziala.
Filmeko gertakari batek, poliziaren eta segurtasun indarren dinamika ustelak bistan jarriko ditu. Agenteek auzo hauetan lanean dihardutela, bizi duten tentsioaren eraginez sorturiko dinamikak, alegia: korrupzioa, gehiegikeriak, iruzurrak.

Futbolaren eragina eta papera.
Zuzendariak modu adimentsuan erabiltzen ditu 2018ko Munduko Futbol Txapelketaren benetako irudiak, batasun nazionaleko festa bat erakusten baitu, eta horrek kontrastea egiten du Montfermeil eta Frantziako beste hainbat lekuetan bizi duten benetako errealitatearekin. Eta gogora ekarri nahi izan ditu 2005ean Frantzian gertatu ziren matxinada eta errebuelta gogorrak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Ezagutzen duzue inguruan duzuen etorkinen errealitatea? Uste duzue etorkinak ez direnen eskubide berdinak dituztela? Berdin tratatzen ditugu?
· Zein da segurtasun indarren eta poliziaren papera gure gizartean?
· Futbolak guztiok berdinak bihurtzen gaitu? Ematen da indarkeria futbolean? Nola irudikatzen da?

…pelikula ikusi ondoren
· Nola ikusten duzue filmeko protagonista gazteen jarrera? Eta poliziarena?
· Nola uste duzue konpon daitekeela euren artean sortzen den gurpil zoroa?
· Nola baliatu futbola indarkeria ekiditeko?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top