Sinopsia
Sydney, The New York Times egunkariko kazetaria, Kanbodiara bidali dute 1972an gerra-korrepontsal bezala. Bertara heltzerakoan Dith Pran ezagutuko du, gerra garaian gidari- eta itzultzaile-lanak egingo dizkion bertako laguna. 1975ean, Kanbodiako gobernua erortzen denean, AEBk herrialdetik alde egingo du, eta Pranen familia guztia Ipar Ameriketara joango da. Denak bera izan ezik, izan ere, kazetariarekin geldituko da notizien berri ematen laguntzeko. Biek enbaxada ingelesean hartuko dute babesa, baina herrialdea uzteko ordua datorkienean armada iraultzaileak ez dio Prani Kanbodiatik ateratzen utziko. Konzentrazio-esparru batera eramango dute, eta bertan gora-behera asko biziaraziko dizkiote.
Gaiak
Gatazka, leialtasuna eta adiskidetasuna
Gatazka. «Khmer Rouge» taldeak preso duen eta AEBko politikak alde batera utzitako Kanbodiako herriaren zorigaitza deskribatzen du istorioak; testuinguru horretan, gizakiaren aurkako indarkeria erakusten du filmak.
Leialtasuna. Pelikulak leialtasunaren mapa aztertzen du: bere motibazioak eta ondorioak.
Adiskidetasuna. Zailtasunak zailtasun aurrera ateratzen den, eta barkamena ahalbidetzen duen adiskidetasunaren oinarriak erakusten dizkigu istorioak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Gerrari buruz: Nolako interesei erantzuten diete gerrek? Bete nahi diren interes horiek justifikatzen al dituzte erabilitako bitartekoak?
· Leialtasunari buruz: Norbaitenganako leial izateak norberak bere buruari uko egitea al dakar? Zein da leialtasunaren oinarria?
· Berradiskidetzeari buruz: Gatazka suntsitzaile baten ondoren, posible al da ahanzturan, amnesian edota mendekuan oinarritutako berradiskidetzea?
Eta pelikula ondoren
· Zeintzuk dira Sydneyk eta Dithek Kanbodian gelditzeko dituzten arrazoiak? Zeri egiten dio uko protagonista bakoitzak erabaki hori hartzerako orduan?
· Zein eszenatik aurrera sentitzen da Sydney hartutako erabakiagatik erredun?
· Nessun Dorma (Ez dezala inork lo hartu) aria pelikulako eszena batean entzuten da. Zer esan nahi du?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu