Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 1939

Iraupena: 132 min.

Herrialdea: Ingalaterra

Zuzendaritza: Zoltan Korda

Aktoreak:

John Clements, Ralph Richardson, C. Aubrey Smith, June Duprez, Allan Jeayes, Jack Allen, Donald Gray

Produkzioa: London Film Productions

Las cuatro plumas

Izenburu originala: The Four Feathers

Sinopsia
Harry Feversham txikitatik akademia militar batean hezi dute familiako militar handien tradizioa jarrai dezan. Haren kideek miresten dute, eta bere erregimentuko soldadu britaniar onenetakotzat jotzen dute. Hori gutxi balitza bezala, badirudi etorkizunak bizitza zoriontsua opa diola maite duen emakumearen ondoan. Baina, Sudango errebeldeen armada batek Khartoumgo kolonia-gotorleku britaniarra erasotzen duenean, bere erregimentua gerrara deituko dute eta Afrikako iparraldera bidali. Harryk, ordea, zalantzak eta ziurgabetasunak itota, erregimentuak gerrarako bidea hartzen duen bitartean, egotzitako misiora joateari uko egingo dio, eta armadako kide izateari utzi beharko dio, horrenbestez. Semearen erabakiak sakon minduko du, eta aitak gaitzetsi egingo du. Harryren lagun minetako hiruk, baita Ethnek ere, bere emaztegaiak, luma zuri bana bidaliko diote, koldarkeriaren sinbolo dena, izan ere, ez dute Harryren erabakia ulertzen.

Gaia
Beldurra, koldarkeria-ausardia eta adiskidetasuna-barkamena

Beldurra. Heriotzari dion beldurrak libratzen du soldadu ingelesa gerratik. Bere estatusak eta gizon izateak egozten dizkion eginbeharrak alde batera uztea erabakitzera bultzatzen du beldur horrek.
Koldarkeria-ausardia. Istorioan koldarkeria eta ausardia bata bestearen eskutik datoz, beraien esanahia auzian jarriz.
Adiskidetasuna/barkamena. Filma, edozer gauzaren gainetik, adiskidetasunari eta barkamenari egindako aldarrikapena da.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Beldurrari buruz: Sinesten ez dugun hori eta geure printzipioen aurka doana egiteko inposaketaren aurrean beldur senti gaitezke?
· Ausardia/koldarkeriari buruz: Zer da koldarkeria? Koldarra al da, berarengandik espero den hori gaindituta, sinesten duen horren alde egiten duen pertsona? Nork ezartzen du kemenaren baremoa?
· Leialtasunari buruz: Zein ondorio dakar nor bere buruarekin leiala izateak? Eta besteekin leiala izateak?

…pelikula ikusi ondoren

· Zer sinbolizatzen dute lumek? Zein da horien esanahia ingeles kulturan? Eta Sudangoan?
· Zergatik erabakitzen du protagonistak haren kideen bila joatea? Ohoreaz eta harrotasunaz haratago doan erabakia al da?
· Zein barne-borroka dute protagonistaren lagunek eta emaztegaiak beren buruekin Harryk gizartearen aldetik jasaten duen bazterketa dela-eta?
· Pelikularen amaiera, mendekuaz haratago, barkamenezko, maitasunezko eta laguntasunezko guneetara zabaltzen da?

Nieves Arangurenen laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top