Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2019

Iraupena: 147 min.

Herrialdea: Espainia.

Zuzendaritza: Jon Garaño, Aitor Arregi, José Mari Goenaga.

Aktoreak: Antonio de la Torre, Belén Cuesta, Vicente Vergara, José Manuel Poga, Emilio Palacios, José María del Castillo, Carlos Bernardino, Adrián Fernández, Nacho Fortes, Marco Cáceres, Joaquín Gómez, Esperanza Guardado, Óscar Corrales, Enrique Asenjo, Estefanía Rueda.

Produkzioa: Coproducción España-Francia; La Claqueta PC / Manny Films / Irusoin / Moriarti Produkzioak.

La trinchera infinita

Izenburu originala: La trinchera infinita

Sinopsia

Higiniok eta Rosak hilabete gutxi daramatzate ezkonduta, Gerra Zibila piztu eta, ondorioz, gizonaren bizitza arrisku larrian jartzen denean. Emaztearen laguntzaz, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dute bikotea. Malagako Mijas herriko alkate Manuel Cortésen bizitzan oinarritzen da filma, Espainiako Bigarren Errepublikan. Hogeita hamar urte ezkutuan bizi izan zen, eta haren bizitza Manuel H. Martinen 2011ko “30 urteko iluntasuna” dokumentalean kontatu zen.


Gaiak      

Gerra zibila eta frankismoa, entzierroa, mendekotasuna

Gerra zibila eta frankismoa. Filma Espainiako gerra zibilean hasi eta frankismoan garatzen da, testuinguru historiko hau protagonista errepublikanoaren ikuspegitik erakutsiz.

Entzierroa. Higinio, erregimen frankistak jazarria, bere etxean ezkutatzen da hainbat hamarkadetan zehar, eta izuaren eta itxaropenaren artean bizirauten du.

Mendekotasuna. Senar ezkutuaren zaintzapean dago Rosa. Senarraren bizitza haren mende dago erabat. Hala, berak ere hainbat hamarkadatan entzierroaren bertsio propioa biziko du.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

 

Zenbait galdera…

…pelikula ikusi aurretik

  • Gerra zibilari eta frankismoari buruz. Nolakoa izan zen frankismoan bizirik iraun zuten errepublikanoen bizitza? Zer egin behar izan zuten bizirik irauteko?
  • Entzierroari buruz. Ezagutzen dituzu ‘topoen’ istorioak? Nolako ondorio fisiko eta psikikoak dituzte horrelako entzierroek?
  • Mendekotasunari buruz. Zer paper zuten emakumeek frankismoan? Emakume ezkongabe bat ondo ikusita zegoen? Mendekotasuna duen norbait zaintzen duten pertsonek aitortza lortzen dute?

…pelikula ikusi ondoren

  • Zer sentsazio eragin dizkizu Higinioren entzierroak? Zein dira bere beldur eta itxaropen handienak? Zure ustez, zerk pisatzen dio gehiago, beldurrak ala itxaropenak? Nola lortzen du osasuntsu eta bere senean egotea?
  • Gonzalorentzat bere anaiaren hilketaren erruduna da Higinio. Zer esan nahi du justiziak beretzat? Gizarte frankistaren zer alderdi ageri dira filmean?
  • Nolakoa da Rosaren bizitza? Zer indarkeria jasaten ditu filman zehar? Aukeratzeko aske al da? Higiniok aitortzen al du Rosak harengatik egiten duen guztia?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top