Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2012

Iraupena: 102 min.

Herrialdea: Afganistan

Zuzendaritza: Atiq Rahimi.

Aktoreak: Golshifteh Farahani, Hamid Djavadan, Massi Mrowat, Hassina Burgan,Mohamed Al Maghraoui, Malak Djaham Khazal, Faiz Fazli, Hatim Seddiki,Mouhcine Malzi.

Produkzioa: The Film.

La piedra de la paciencia

Izenburu originala: Syngué Sabour (The Patience Stone)

Sinopsia

Ekialde Hurbileko gerrate batean murgildurik dagoen emakume gazte batek, gatazkaren ondorioz egoera begetatibo batean dagoen bere senarra zaindu behar du. Egoera horretan, bere senarrari bere bizipen guztiak kontatzen dizkio Pazientziaren harria kondaira persiarrean oinarrituz: botere magikoak dituen harri honi norbere atsekabe, zorigaitz eta sufrimenduak kontatu ahal zaizkio, inori kontatzen ez zaizkion sekretuak barne. Harriak entzun egiten du eta esponja batek bezala hitz, konfesio eta sekretu guztiak xurgatzen ditu, egun batean gehiago jasan ezinik eztanda egiten duen arte.

Gaiak: Gerra, botere harremanak, egia

Gerra. Gerran dagoen herri baten errealitatea aztertzen du film honek. Bertan ikus liteke ihes egin beharra, ezkutatu beharra, beldurra eta suntsiketa.
Botere harremanak. Gizarte matxista batean emakumeak jasaten dituzten gehiegikeria eta umiliazio mota desberdinak aurkezten dira. Erlazio mota desberdinen bitartez (aitak alabekiko, senarrak emaztearekiko etab.), gizonak emakumearen bizitzan erabakiak hartzeko duen boterea agerian geratzen da.
Egia. Pertsona batek isilean mantendu behar izan dituen ekintzen errebelazioak aske izaten nola lagun diezaiokeen hausnartzen du filmak, egia horren errebelazioaren ondorioak barne.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Gerrari buruz: zergatik sortzen dira gerrak? Nola eragiten diote gizarteari? Hau amaitzea lortu arren, hori bizi izan dutenek buelta eman al diezaiokete?
· Botere harremanei buruz: zer dira? Zer esan nahi du matxismoak zuretzako? Nola eragiten du gizon eta emakumeen arteko harremanetan?
· Egiari buruz: isilean gorderiko gertakizunen errebelazioak kontatzen duenari, entzuten duenari edo biei laguntzen die? Egia bat ezkutatzea zuzena al da? Noiz eta zergatik?

…pelikula ikusi ondoren
· Zer motatako harremanak izan ditu protagonistak bere bizitzan zehar? Nola deskribatuko zenuke senarrak emaztea eta alabekin zuen harremana edo jarrera? Eta senarrak izebarekin zuena?
· Zergatik ez da bere senarra uzteko gai? Bere senarrarekin zuen eta duen harremana nolakoa dela esango zenuke? Zertan oinarritzen da? Gerrako egoerak beraien erlazioan eragiten al du?
· Emakumeak bere alaben inguruko egia kontatzen dio senarrari. Ez balitz haurdun geratu zer gertatuko litzaioke? Zergatik uste duzu emakumeari botatzen zaiola haurdun ez geratzearen errua?
· Soldaduarekin sortzen den harremana nola deskribatuko zenuke? Nola eragiten dio protagonistari? Ze aspektutan laguntzen dio euren topaketa sexualei prezio bat jartzeak? Prostituzioa ahalduntze bide bat al da bera eta bere izebarentzat?

Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top