Sinopsia
Shakespearen lanak eraldaketa zentzugabea jasaten du: amodiozko istorio handiaren protagonistak lorategiko ipotxak dira. Gnomeok eta Julietak, beren homonimoek bezala, hamaika oztopo gainditu beharko dituzte baina, kasu honetan, oztopoak ez dira familien gorrotoaren ondorio bizilagunen arteko liskarraren ondorio baizik. Beren zoritxarreko patua ez betetzen ahaleginduko dira bi ipotxak.
Gaiak
Gatazka, aurreiritziak, maitasuna
Gatazka eta harremanak: Pelikulan gatazka bat ikus dezakegu, zenbaitetan indarkeriazkoa, pertsonai askorentzat berezkoa dena eta beren bizitzak eta etorkizuneko harremanak baldintzatuko dituena.
Aurreiritziak: Pertsonaiei jartzen zaizkien etiketak bere artean etsai gisa eta ez pertsona gisa elkar ikustea azaleratzen digu pelikulak.
Maitasuna: Oztopo asko gainditu behar dituen maitasun eta gorroto istorioa azaltzen digu pelikulak, maitasuna izanik gorrotoa gainditzeko tresna nagusia.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Gatazkei buruz: Zergatik dauzkagu gatazkak? Posible al da gatazkarik gabe bizitzea? Posible al da horiek prebenitzea?
· Etiketei buruz: Pertsonak etiketatzen al ditugu? Zertan oinarritzen gara? Etiketa horiek erantzuten al diote benetan pertsona hori denari? Iraunkorrak al dira etiketak?
· Maitasunari buruz: Zer da maitasuna? Zer da maitatzea? Ba al dago zerbait maitasunaren aurrean jartzen dena? Zer egiteko prest gaude maitasunagatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Zein da Gnomeoren eta Julietaren arteko hasierako gatazka? Nola sortu da? Nola egiten du aurrera familien arteko harremanak? Zerk mugiarazten du eboluzio hori?
· Pelikularen hasieran, nola definitzen dira pertsonaiak beren artean? Zerk bereizten ditu? Beren koloreetatik haratago elkar ikusteko gai al dira?
· Nola ohartzen dira Gnomeo eta Julieta beren kolorea, beren etiketa, baino gehiago direla? Zertan dira berdinak? Zein da maitasunaren zeregina?
Kristina Soaresen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu