Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2001

Iraupena: 90 min.

Herrialdea: Norbegia

Zuzendaritza: Petter Naess

Aktoreak:

Esven Nordin, Per Christian Ellefsen, Marit Pia Jacobsen, Jorgen Langhelle, Per Christensen

Produkzioa: Film OG TV Produksion / Nordisk Film / Audiovisuelt Produksionfond

Elling

Izenburu originala: Elling

Sinopsia
Elling prest dago “mundu errealera” itzultzeko ospitale psikiatrikoan bi urte eman ondoren. Norvegiako gizarte-zerbitzuek babestuak dituzte Elling eta bere gelakidea, Kjell Bjarne izeneko mutil on-puska, eta berriro ere gizarteratzeko proposatuko dituzte. Gizarte-laguntzak Oslon apartamentu bat emango die, beren buruez arduratzeko gai izango direlakoan. Baina jatetxe baten sartzea Antartika zeharkatzea bezain zaila den inorentzat, bizitza berri hori oztopoz betea dago.

Gaiak
Beldurrak, autonomia eta integrazioa

Beldurrak. Aurre egiteko zailak zaizkigun egoera berrien aurrean sortzen den beldurra deskribatzen du filmak.
Autonomia. Buruko gaitza duten lagunek autonomia lortzeko egin behar duten ahalegina erakusten digu istorioak, eta ibilbide horretako une txarrak eta onak.
Integrazioa. Desberdintasunen bat daukaten pertsonen gizarteratze-prozesua, eta eurekin harremanak dituztenen jarrerak azaltzen dizkigu filmak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak

Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikularen aurretik

· Beldurrari buruz: Zein egoeretan sentitzen dugu beldurra? Paralizatuak gera gaitezke horien ondorioz? Zerk egiten du posible beldur hori gainditzea?
· Autonomiari buruz: Zer esan nahi du autonomo izateak? Nola bultza daiteke autonomia? Eta urritasunen bat duten pertsonen kasuan?
· Integrazioari buruz: Zerk ahalbidetzen du gizarteratzea? Norberaren erantzukina da edota inguruarena?

…pelikularen ondoren

· Zeintzuk dira Elling-en beldurrak? Nola lortzen du horiek gainditzea? Zerk laguntzen dio horretan? Nola sentitzen da?
· Nola hartzen ditu jendeak Elling eta Kjell? Ingurukoek gizarteratze-prozesuan laguntzen diete, ala oztopatu egiten diete lana?
· Elling eta Kjell autonomoak al dira? Bakarrik bizitzeko gai dira? Mugak dituzte, baina ba al dute ahalmenik eta gaitasunik? Zeintzuk?

Pello Sarasuaren laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top