Sinopsia
Truman gizon zoriontsua da eta bere ingurunearekin armonia perfektuan bizi da. Erdi mailako hiritar amerikar baten prototipoa da. Aseguru-etxe batentzako lan egiten du, beti barrez dagoen herizain eder batekin ezkondua dago, konfiantza guztia merezi dion txikitako lagun bat du eta harreman ezinhobea darama mundu guztiarekin. Baina egun batean bere mundu guztia gezurretakoa dela konturatzen da, telebistako ekoizle famatu batek bere bizitza eraiki du miloika pertsonei espektakulo gisa saltzeko.
Bere bizitza zuzenduko duen bakarra izateko erabakia hartuta, Trumanek Seahaven-etik alde egitea erabakitzen du, beti bizi izan den ametsetako hiri-plato horretatik, baina hori lortzeko ekoizleari eta bere beldurrei eurre egin beharko die.
Gaia
Gatazkak, aukerak eta askatasuna
Gatazkak. Gatazkarik gabeko bizitza baten antzerkia uztartzen du pelikulak.
Aukerak. Protagonistaren aitzakian pelikulak sekuritateari lotuta bizitzearen edo eta ezinbestez beldurrak eta arriskua gainean jarriz bizitza norbere esku hartzearen arteko atakan barneratzen da.
Askatasuna. Pelikulak askatasuna eta kontrolaren arteko harremanak ere lantzen ditu.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Zoriontasunari buruz: Gatazka eza al da zoriontasuna?
· Komunikabideei buruz: Zein modutan kontrolatzen dute komunikabideek gure bizitza? Zer eragin dute gugan?
· Erabakiei buruz: Nola hartzen ditugu erabakiak? Zertan oinarritzen gara?
…pelikula ikusi ondoren
· Bizitzaren aurrean erantzunkizunez erabiltzen dugu gure askatasuna ala, beldurraren aurrean geure baita ixten gara?
· Bizitzan zerk mugitzen gaitu erabakiak hartzera, arriskatzera, beldur propioak onartzera? Zergatik?
· Zer iradokitzen du filmeko azken eszenak, segurtasun langile batek besteari «zer dago beste kanaletan?» galdetzen dionean?
Olatz Praten laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu