Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2003

Iraupena: 94 min.

Herrialdea: Frantzia

Zuzendaritza: François Dupeyron

Aktoreak:

Omar Sharif, Pierre Boulanger, Isabelle Adjani, Gilbert Melki, Isabelle Renauld, Lola Naynmark, Anne Suarez, Mata Gavin, Celine Samie, Guillaume Gallienne, Guillane Rannou, Manuel Lelievre, Daniel Znyk, Francoise Armelle, Sylvie Herbert, Claude Merline, Pascal Vincent, Tessa Volkine, Marie-Sophie Ahmadi, Sylvie Debrun, Jeremy Sitbon, Eric Caravaca

Produkzioa: ARP Production / France 3 Cinema / Canal +

El señor Ibrahim y las flores del Corán

Izenburu originala: Monsieur Ibrahim et les fleurs du Coran

Sinopsia
Hamahiru urteko Momo bakarrik dago munduan. Lagun bakarrak berekin maitekiro jokatzen duten kaleko emagalduak ditu. Momok janaria auzoko denda txiki eta ilun batean erosten du. Dendaria Ibrahim da, bistan uzten duena baino gehiago dakien irudi bitxiko gizon isila. Aitak Momo abandonaturik utzi eta gero, Ibrahim da bere bizitzan gelditzen den heldu bakarra. Biek batera beren bizitzak aldatuko dituen bidaia hasiko dute.

Gaiak
Espiritualtasuna, errespetua eta «bestea»

Espiritualtasuna. Pelikulak gizakion bizitza arautzen duten balioez eta printzipioez osatutako sustrai erlijiosoa erakusten du. Espiritualtasunaren ikuspegi zehatza erakusten du, testu sakratuenganako obedientzia norberaren bizitzara eramaten duena.
Errespetua. Istorioak belaunaldi, kultura eta gizarte-maila ezberdineko bi lagunen arteko topaketa deskribatzen du.
«Bestea». Pelikula bestearen begirada ardatz gisa harturik eraikitzen da; eta horren gainean eraikitzen du pertsona bakoitzak bere nortasuna. Norberaren baitan atzera-biltzearen aurrean pelikulak bidaiaren, jakinminaren, askatasunaren eta maitasunaren garrantzia aldarrikatzen du.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Zorionari buruz: Zer da zoriontasuna? Geure eguneroko bizitzan presente al dago? Zerk egiten du posible?
· Harremanei buruz: Zer bilatzen dugu bestearengan? Non oinarritzen ditugu geure harremanak: konfiantzan ala kontrolean?
· Nortasunari buruz: Kultura, ideologia, erlijioa eta abar geure nortasuna berresteko lanabesak dira ala ezberdina denari irekitzeko bideak?

…pelikula ikusi ondoren

· Momok dio «Zoriontsu zarenean egiten da barre» eta Ibrahimek erantzuten dio «Ez. Barre egiteak berak egiten zaitu zoriontsu. Saia zaitez» . Nola gauzatzen da hau eguneroko bizitzan?
· Zerk egiten du posible Momoren eta Ibrahimen arteko topaketa? Kalea, egunerokoa, bizi-poza, arazoak, solasaldia, jakinmina eta abar. Horiek guztiek sor al ditzakete erlijioen edota kulturen arteko elkarrizketarako baldintzak?
· «Eskaintzen duzuna zeurea da betirako, gordetzen duzuna betirako galtzen da». Zer esan nahi du? Merezi al du maitasuna dela-eta arriskatzea? Non oinarritzen dugu bestearekiko konfiantza?

Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top