Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 1990

Iraupena: 90 min.

Herrialdea: AEB

Zuzendaritza: Harry Hook

Aktoreak:

Balthazar Getty, Chris Furrh, Danuel Pipoly, Andrew Taft, Edward Taft, Gary Rule

Produkzioa: Castle Rock Entertainment

El señor de las moscas

Izenburu originala: Lord of the Flies

Sinopsia
Izenburu bera duen William Goldingen eleberrian oinarritutako filma da. Hegazkineko istripua izan ondoren kadete-talde bat ozeanora eroriko da, irla desertu baten ondoan. Mutilak, 9 eta 15 urte bitartekoak, azkar konturatuko dira ia ezinezkoa dela inork erreskatatu ditzan, eta beldurrak eta etsipenak jota bat egingo dute. Baina, beren buruak irlaren jabetzat sentitu bezain laster, bi taldetan banatuko ditu boterearengatiko konpetentziak eta borrokak.

Gaiak
Gizartea, giza izaera eta bizikidetza

Gizartea. Komunitate berriaren sorrerak dakartzan desafioak deskribatzen ditu filmak: arauak sortzeko eta lehentasunak zehazteko beharrak eta horrek sortzen dituen gatazkak eta dilema etikoak.
Giza izaera. Gizakiak berezkoa duen kontraesana erakusten du istorioak. Segurtasuna eta erantzunak aurkitzeko beharra nabarmentzen du, eta bilaketa horretan egiten dituen akatsak.
Bizikidetza. Bizikidetzak eta bere arauek sorrarazten duten tentsioa kontatzen du pelikulak, baita tentsio horrek eragiten dituen modelo desberdinak ere.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Lider izateari buruz: Zer bilatzen dugu lider batengan? Zer bilatzen du liderrak berak? Lidergo desberdinak al daude? Zergatik?
· Arauei buruz: Zein da arauen egitekoa? Posible al da araurik gabeko gizarterik? Zergatik?
· Askatasunari buruz: Zer esan nahi du aske izateak? Zerk mugatzen du geure askatasuna?

…pelikula ikusi ondoren

· Nor da eulien jauna? Zer sinbolizatzen du basurde-buruak kobaren aurrealdean? Zergatik?
· Porkyk honakoa dio: «Gizakiak onak dira berez, eta gizarteak maltzurtzen ditu». Zer esan nahi dute hitz horiek? Egia al da hori? Zergatik?
· Ralphek zerbait egin zezakeen irlan gertatutakoa ekideteko? Zergatik? · Jackek eta Ralphek paperak trukatuko balituzte, hau da, Jack-lider eta Ralph-ehiztari, istorioak amaiera desberdina izango luke?

Orla Hassonen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top