Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2017

Iraupena: 93 min.

Herrialdea: Irlanda

Zuzendaritza: Nora Twomey

Aktoreak: animazioa / animación

Produkzioa: Cartoon Saloon, Aircraft Pictures, Gaia Entertainment

El pan de la guerra

Izenburu originala: The breadwinner

Sinopsia

Parvana hamaika urteko neska da, eta Afganistango hiriburuan bizi da, Kabulen, talibanak indarrean dauden bitartean. Aita atxilotuta dagoenez, familiak ez du baliabiderik, eta, emakumeek dirua irabazteko debekua dutenez, Parvana mutil bihurtzea erabaki dute, lan egin ahal izateko.

Gaiak
Fanatismoa, matxismoa, ausardia

Fanatismoa. Etengabeko gerrak zigortutako gizartea irudikatzen du filmak. Errepresio itogarri baten pean bizi dira, eta egoera disimulurik gabe erakusten du.

Matxismoa. Gizarte patriarkal, misogino eta matxistaren kronika da filma. Protagonistaren begiradak ia itxaropenik ematen ez dien erregimen bat erakusten digu, objektu soiltzat hartzen baitituzte eta bizitzaren ia alderdi guztietarako gizon baten babesa behar baitute.

Ausardia. Parvana da protagonista, eta, ausardiaz eta erabakitasunez, familiak aurrera egitea ahalbidetuko du. Aldi berean, irudimenari eta fantasiazko istorioei esker, eguneroko izugarrikeriei aurre egiteko itxaropena zabaltzen du. Kontrako egoerei aurre egiteko gure barne-askatasunaren ahalmena islatzen du filmak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak

Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.

…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.

…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.

…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…

…pelikula ikusi aurretik

· Fanatismoari buruz: Zer da dogmatismoa? Badu zerikusirik intolerantziarekin, intrantsigentziarekin? Egia eta erabateko arrazoia dituela sinestearekin? Zer da fanatismoa? Badu zerikusirik kausa bat guztiaren gainetik eta aurretik jartzearekin, modu itsu eta neurrigabean
· Matxismoari buruz: Zer matxismo-forma ezagutzen dituzu? Zergatik sortzen da? Zertara garamatza?
· Ausardiari buruz: Bizitzako egoera zailei aurre egiteko hainbat modu daude? Zein?

…filmaren ondoren

· Zer gizarte-mota islatzen du filmak? Zergatik uste duzu Idrees bezalako pertsonak talibanekin bat egiten dutela? Zer eskaintzen die? Ordenaren eta segurtasunaren beharrarekin zerikusia izan dezake?
· Nola bizi dira historiako emakumeak? Filmaren une batean esaten da “Emakumeek ez lukete euren burua erakutsi behar, ez eta alferrikako arreta erakarri ere”. Ados zaude? Zergatik?
· Nola egiten die aurre Parvanak bizi behar dituen egoera kaltegarriei? Zer jarrera du?
“Herri baten altxorrik handiena dugu… Altxatu zure hitzak, ez zure ahotsa. Euriak hazten ditu loreak, ez trumoiak”. Zer iradokitzen dizute filmean aipatzen diren esaldi hauek? Zertarako balio dute Parvanak asmatzen dituen ipuinek?

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top