Sinopsia
Paloma 12 urte betetzear dagoen neskato azkarra da. Bere urtemugarako plan bat du eta hori gauzatzeko lehen pausoa bere egunerokotasuna grabatzea da. Aitak eman dion kamera batekin erreportaje bat egiten ari da, non, bere ingurua deskribatzeaz gain bizitza eta heriotzaren inguruko gogoetak islatuko dituen. Honen ondorioz, bizi den eraikuntzako atezainaren eta jatorri japoniarreko bizilagun berriaren lagun egingo da.
Gaiak: Klasismoa, itxurak, bizitzaren zentzua
Klasismoa. Komunitate berdin bat osatzen duten gizaki desberdinen jarrerak eta ikuspuntuak azter litezke. Aldi berean, beraien egoera ekonomikoak eragindako mailaketa sozialak aztertzeko balio du.
Itxurak. Maiz, jendea bere itxuragatik, bere lanagatik edota jatorriagatik epaitzen dugu, eta gu geu ere itxura zehatz bat ematen saiatzen gara. Pelikulak argi ikusarazten digu aurreiritziek eta errealitateak askotan ez dutela bat egiten.
Bizitzaren zentzua. Bizitza eta heriotzaren arteko gogoetetan murgilduriko neskatoa suizidioa justifikatzera iritsi dela dirudi heriotzaren esanahi sakonena lortzen duen arte. Bizitzaren balioa eta heriotzaren izaera lantzeko interesgarria da.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Klasismoari buruz: zein da klasismoaren oinarria? Eguneroko ekintzetan antzeman al liteke? Gaur egungo gizartean hauteman litekeela uste al duzu? Non?
· Itxurei buruz: itxurak pertsonaren izaera determinatzen duela uste al duzu? Gure gizartean itxurak garrantzi handia duela uste al duzu? Nola eragiten du horrek gure egunerokotasunean?
· Bizitzaren zentzuari buruz: garrantzitsua al da geure bizitzei zentzu bat ematea? Zein da zentzu hori? Zer toki dauka heriotzak zentzuaren bilaketa horretan?
…pelikula ikusi ondoren
· Palomak erreportaje bat egitea erabaki du, zergatik? Zer islatu nahi du bere grabaketan? Nola sentitzen da bere familian eta inguruan?
· Heriotzari buruz gogoeta egiten du Palomak, baina honen benetako esanahia ezagutzen al du? Nola eragiten dio Renéeren heriotzak?
· Renée triku batekin konparatzen du Palomak. Zergatik? Zein berezitasun du Renéek? Eta zein jarrera dute Renéerekiko eraikineko pertsonek?
· Kakuro Ozuk nola eragiten du Palomaren bizitzan? Eta Renéerenean? Zer dauka bere jarrerak bai Paloma zein Renée gustura sentiarazteko?
· Gure itxuraren atzean ezkutatzen garela uste al duzu? Zergatik? Zer ezkutatzen saiatzen da pertsonaia bakoitza? Nolakoa izango litzateke euren bizitza hori dena ezkutatzen saiatuko ez balira?
Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.