Sinopsia
Bazen behin… gaztelu bat non asmatzaile bat bizi zen. Horrek bere bizitzaren zati handia Eduardo izeneko izaki perfektua sortzen eman zuen. Baina asmatzailea bat-batean hil eta bere sorkuntza osatu gabe utzi zuen; atzamarren ordez, guraize-xaflez osatutako esku beldurgarriak zituen. Eduardo gizagaixoa bakarrik biziko da gazteluan Avon etxearentzat lan egiten duen neska liluragarri batek etxera bere familiarekin bizitzera eramaten duen arte.
Gaiak
Desberdintasuna, aurreiritzia eta mugak
Desberdintasuna. Etiketarik jarri, ikuskizun batera mugatu edo mehatxu bezala ikusi gabe, desberdinak direnekin bizitzeko gizakiak dituen zailtasunak deskribatzen ditu istorioak.
Aurreiritzia. Errealitateari begiratzeko eta hori ezagutzeko irudiaren azaleko harresia gainditzeko beharra azaltzen du filmak, ohiko ereduarekin konparaketa hutsa egin gabe.
Mugak. Elezahar modura, giza izaeraren mugak erakusten ditu istorioak. Esate baterako, batzuetan, maitasuna adierazi nahi duenean, horren ordez, min egiten du.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera
…pelikula ikusi aurretik
· Desberdintasunari buruz: Zergatik sortzen du beldurra ezezagunak edo desberdinak?
· Irudiari buruz: Zergatik saiatzen gara besteak bezalakoak izaten?
· Mugei buruz: Batzuetan, maitatu nahian min egiten dugu, zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Suburbiako herriak hasieran Eduardori harrera ona egiten dio, eta gero baztertu egiten du. Baina, nola hartzen dute?
Zergatik ez dago hasieran arazorik eta bat-batean aldaketa gertatzen da? Zergatik baztertzen dute?
· Etxeak, autoak, janzteko modua… Suburbian zergatik da guztia berdina? Zer dago berdintasun horren atzean?
· Zer gertatzen zaio Eduardori maitasuna adierazi nahi duenean? Zergatik erakutsi behar dio Kimek besarkatzen? Zer esan nahi du?
Begoña Gómezen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu