Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2005

Iraupena: 125 min.

Herrialdea: Kanada

Zuzendaritza: Jean-Marc Vallée

Aktoreak:

Michel Côté, Marc-André Grondin, Danielle Proulx, Émile Vallée, Maxime Tramblay, Pierre-Luc Brillant, Alex Gravel, Félix-Antoine Despatie

Produkzioa: Pierre Even

C.R.A.Z.Y.

Izenburu originala: C.R.A.Z.Y.

Sinopsia
C.R.A.Z.Y. filmak aitaren maitasuna ez galtzeko bere izaerarik sakonenari muzin egingo dion haurraren, lehenengo, eta nerabearen, ondoren, istorioa azaltzen du. 1960 eta 1980 bitartean: lau anaia, Pink Floyd, Rolling Stones eta David Bowie, ezkutuan erretako porroak, eztabaida txikiak eta handiak, eta batez ere, etsipenez berriro aurkitu nahi duen aita. Zac-ek elementu horiekin guztiekin bere istorioa kontatzen digu.

Gaiak
Nortasuna, onarpena eta familia

Nortasuna. Norberaren nortasuna bilatzeko egin beharreko bide gatazkatsua aurkezten du pelikulak, desberdintasuna lantzea erabakigarria den oztopoz betetako bidea.
Onarpena. Besteek gutaz espero dutena betetzea lehentasun bilakatzen denean, gizakiak bere burua onartzeko eta zintzoki bizitzeko dituen zailtasunak uzten ditu bistan istorioak.
Familia. Ateak zabal edo itxi ditzaketen familiaren lotura afektiboen eragina deskribatzen du. Familiakoen arteko harremanen bilakaera, beren arteko gatazkak eta adiskidetzea lortzen nola saiatzen diren erakusten ditu.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Galdera batzuk…
…pelikula ikusi aurretik:

· Entzuteari buruz: Entzuteak zer esan nahi du? Norberak bere buruari entzuteak zein ondorio ditu?
· Konfiantzari buruz: Zergatik ez dugu konfiantzarik sentitzen dugun horretan? Zerk ematen digu beldurra? Zergatik bilatzen dugu maitatu gaitzaten?
· Adiskidetzeari buruz: Desberdintasunei buruz modu ireki batean hitz egin gabe posible al da adiskidetzea?

…pelikula ikusi ondoren:

· «Alda zaitez, alda zaitez, alda zaitez…». Hitz horiek min ematen diote Zac-i. Zein da Zac-ek aitarekin duen harremana? Aitarekin gertatzen zaionari nola egiten dio aurre? Aldetzea bere esku al dago?
· Zerk ekartzen du istorioaren bukaeran Zac-engan gertatzen den aldaketa? Eta zerk dakar aitaren aldaketa?
· Zein harreman dago Zac-en jaiotza-dataren, Jerusalemera egiten duen erromesaldiaren, bere berpizkundeen eta Jesukristoren artean? Zergatik antzekotasun horiek?

Itxasne Etxeberriaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top