Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2016

Iraupena: 94 min.

Herrialdea: EEBB

Zuzendaritza: David Franket

Aktoreak: Will Smith, Edward Norton, Kate Winslet, Michael Peña, Naomie Harris, Helen Mirren, Keira Knightley, Jacob Latimore, Enrique Murciano, Kylie Rogers, Nataile Gold, Liza Colon-Zayas, Toshiko Onizawa, Nicole Bonifacio, Liz Celeste.

Produkzioa: New Line Cinema.

Belleza oculta

Izenburu originala: Collateral Beauty

Sinopsia

Howard publizista ospetsu bat da, baina ezusteko zoritxar baten ondorioz bere bizitza guztiz aldatuko da, eta, horren eraginez, depresio sakon batean murgilduko da. Bere lagun eta lankide Claire, Whit eta Simonek plan original bat martxan jarriko dute Howardi laguntzeko.

Gaiak: Dolua, laguntza, eskertasuna

Dolua. Galera baten ondoren bizi dugun prozesua da, era oso ezberdinetan bizi daitekeena. Norbere heriotza hurbil ikustean zein maite den norbait galtzean bizitzen diren sentipenak azaltzen dizkigu filmak.
Laguntza. Besteari laguntzeko helburutik abiatuta jarrera eta erabaki desberdinak agertzen dira: laguntza behar duena, lagundu nahi duena, laguntza ukatzen duena edo laguntza horren izaeraren alderdi etikoak azaltzen zaizkigu.
Eskertasuna. Zailtasun eta sufrimendu egoeretan murgilduta ere, bizitzak opariak ematen ditu. Opari hauekiko esker ona giltzarria da pertsonaien garapen pertsonalean.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Doluari buruz: Zer da dolua? Garrantzitsua al da dolua bizitzea? Zergatik? Doluan murgildurik dagoen pertsonaren aurrean nola erantzuten du gizarteak? Eta orokorrean heriotzaren aurrean?
· Laguntzari buruz: laguntza eskatzen ez duenari laguntzen saiatzea zilegi al da? Laguntzeagatik gauzak okerrera egitea gerta liteke? Laguntza eskatzea erraza al da?
· Eskertasunari buruz: zerk mantentzen du itxaropena une zailetan? Sufrimendu egoeretatik zerbait positiboa ikasi daitekeela uste al duzu?

…pelikula ikusi ondoren
· Howardek bere alabaren heriotzari aurre egiteko zein bide aukeratu du? Zertan lagun diezaioke idazten dituen gutunak idazteak? Doluari aurre egiteko modu eraginkor bat dela uste al duzu?
· Claire, Whit eta Simonek euren interesak babestea soilik al dute helburu? Edota benetan lagundu nahi diote? Erabaki etikoa al da? Zergatik?
· Zeri egiten dio erreferentzia ezkutuko edertasuna kontzeptuak? Nola lor liteke hau antzematea?
· Maitasunari, denborari eta heriotzari idazten die Howardek. Beraien artean erlaziorik ba al dago? Zer iritsi zaizu gehien Howardi helarazten dizkioten mezuetatik?
· Claire, Whit, eta Simonek maitasunari, heriotzari eta denborari loturiko egoera desberdinei aurre egin behar die. Zein ikaskuntza ateratzen du bakoitzak?

Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.

Deskargatu gida didaktikoa

Scroll to Top