Sinopsia
1960ko hamarkadaren amaierako Ipar Irlanda zalapartatsuan girotutako drama. Buddy mutil koskorra langile-borrokaren, kultura-aldaketen eta indarkeria sektarioaren giroan hazten ari da. Buddyk arazoetatik urrunduko duen etorkizunarekin egiten du amets, baina, bien bitartean, kontsolamendua topatzen du zinemarako grinan, bere klasetik gustatzen zaion neskatoan eta bere guraso eta aiton-amonengan.
Gaiak
Ipar Irlandako gatazka, polarizazioa, haurtzaroa
Ipar Irlandako Gatazka. 1969ko abuztuan Ipar Irlandan gertatutako istiluen testuinguruan kokatzen da pelikula. Protestante leialen talde batek eraso egiten die Buddy-ren kaleko katolikoen etxeei. Gatazkaren indarkeriak herritarren egunerokotasuna nola eragin zuen azaltzen zaigu horrela.
Polarizazioa. Indarkeria egoeretan ohikoa izaten da bandoetan banatzea pertsonak eta hala ez ez daudenak presionatzea alde bat aukera dezaten. Presio honen eraginak ikusiko ditugu pelikulan.
Haurtzaroa. Haur baten ikuspegitik kontatutako istorioa da: 9 urteko Buddy. Bere mundu ikuskeratik azalduko dizkigu bere egunerokotasuneko gauza inportanteenak: familia-harremanak, lagunak, eskola eta indarkeria.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Ipar Irlandako Gatazkari buruz. Zer dakizu gatazka honi buruz? Nortzuk dira eta zer eskatzen dute katolikoek eta zer protestanteek?
· Polarizazioari buruz. Gatazka batean beti al daude bi bando? Zer dira muturreko jarrerak? Nola eragiten dute gizartean?
· Haurtzaroari buruz. Zer behar du 9 urteko neska edo mutil batek zoriontsu izateko? Nola eragin diezaioke indarkeria egoera batek?
…pelikula ikusi ondoren
· Nolakoa da bizitza Buddyren kalean filmeko lehen minutuetan? Nolakoa da bizilagunen harteko harremana? Zer garrantzia dauka katoliko edo protestante izateak euren artean? Eta erasoaren ondoren?
· Nolakoa da Buddyren haurtzaroa? Zerk ematen dio ongizatea? Ze zailtasun gainditu behar ditu? Nola eragiten dio indarkeriak?
· ”Gurekin zaude ala gure aurka” esaten dio Billyk Buddyren aitari. Zergatik? Buddyren familiak hartutako erabakia egokia dela uste duzu?