Sinopsia
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 60 urte bete ditu. Dokumental hau hezkuntza-materiala da gizarteak, orokorrean, eta gazteek, zehatzago, Giza Eskubideen gaian sakondu dezaten eta horrekin sentsibilizatu daitezen; hala justiziaren, berdintasunaren eta zuzentasunaren alde egiteko.
Gaiak
Giza Eskubideak, izaera hauskorra eta konpromisoa
Giza Eskubideak. Dokumentalak Giza Eskubideen gaur egungo eta geure inguruko egoeraren panoramika egiten du.
Izaera hauskorra. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren garrantzia azpimarratzen du, eta, aldi berean, dokumentuan jasotako eskubideen izaera hauskorra erakusten.
Konpromisoa. Dokumentalak zenbait belaunaldiren esfortzuaren eta borrokaren fruitutzat erakusten ditu Giza Eskubideak; konpromiso horri oraindik ibilbide luzea gelditzen zaio aurretik.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Aldarrikapenari buruz: Nolakoa litzateke geure bizitza Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotako zenbait eskubide gabe? Eta dokumentua bera existituko ez balitz?
· Oinarriari buruz: «Duintasuna eta justizia guztiontzat» leloak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren promesa laburbiltzen al du?
· Askatasunari buruz: Gizakion oinarrizko eskubideek bizi-maila goratzen laguntzen dute askatasun-maila ere handituz? Zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Batzuen eta besteen eskubideek zenbaitetan gatazkak sortzen dituzte elkarrekin aurrez aurre jartzerakoan. Nola egin diezaiokegu aurre horri pertsonen duintasuna urratu gabe? Ba al dago eskubiderik bete-beharrik gabe?
· Giza Eskubideren bat betetzen ez den bertako edo nazioarteko egoeraren bat adierazi. Utopia lortezina dira edo horiek errealitate bihurtuko dituzten baldintzak sortzeko borroka gaitezke?
· Zer da, desberdintasun ororen gainetik, eskubide berberen subjektu bihurtzen gaituena? Zertan gauzatzen da eguneroko bizitzan?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu