Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2005

Iraupena: 97 min.

Herrialdea: Euskal Herria

Zuzendaritza: Asier Altuna, Telmo Esnal

Aktoreak:

Ramón Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu, Iban Garate, Iñake Irastorza, Patxi González, Ane Sánchez, Jose Manuel Goikoetxea, Luis Tosar, Guillermo Toledo, Anjel Alkain, Felipe Barandiaran, Jose Mari Agirretxe

Produkzioa: Alokatu - Irusoin

Aupa Etxebeste!

Izenburu originala: Aupa Etxebeste!

Sinopsia
Etxebestetarrak oporretan joatekoak diren egun berean diru gabe geldituko dira. Herritarren aurrean itxurak gordetzeko etxean itxita pasako dituzte oporrak. Etxebestetarrek gezurrak eta miseriak elkarri aurpegiratzeko aprobetxatuko dute etxeko egonaldia, baina, aldi berean, beren bizitzetako oporrik onenak pasako dituzte.

Gaiak
Familia, itxurak egitea eta zoriontasuna

Familia. Komunikazioa eta egiazaletasuna faltan dituzten familia bateko kideen arteko erlazioak deskribatzen ditu pelikulak; denek ezkutatzen dute zerbait.
Itxurak egitea. Irudi sozial konkretua ez galtzeko norberaren ahalbideen gainetik bizitzeko dinamika kontatzen du istorioak.
Zoriontasuna. Zoriontasunaren bilaketan gizakiak dituen itxaropen faltsuen gaineko gogoeta egiten du pelikulak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Itxurak egiteari buruz: Zintzoak izan al gaitezke besteekin geure buruarekin izan gabe? Egokitu zaigun edo egotzi diguten papera interpretatzen dugun antzezlana da bizitza ala norberak bere papera aukera dezake?
· Diruari buruz: Zer ematen digu, eta zertan baldintzatzen gaitu? Ezinbestekoa al da “ondo bizitzeko”?
· Zoriontasunari buruz: Zer da zoriontsu izatea? Zerk sentiarazten gaitu zoriontsu?

…pelikularen ondoren

· Aitonak dio “dirurik gabeko pertsona gorpu ibiltaria” dela. Familiako kide bakoitzak berdin baloratzen du dirua?
· Elkarrekin beharturik bizitako aldiak gezurrak bistan uzten ditu eta maskarak kenduarazten dizkio. Horrek zertan eragiten dio kide bakoitzari eta kide bakoitzak besteekin duen erlazioari?
· Istorioaren amaieran aitonak honakoa dio: “Ez dakit nola amituko den hau dena, baina hauek izan dira nire bizitzako oporrik onenak”. Zerk ahalbidetu du hori?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top