Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2015

Iraupena: 103 min.

Herrialdea: Espainia

Zuzendaritza: Asier Altuna

Aktoreak: Iraia Elias, Kandido Uranga, Klara Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Amparo Badiola, Nagore Aranburu

Produkzioa: Txintxua Films

Amama

Izenburu originala: Amama

Sinopsia
Familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Baserria eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egiteko bi modu, elkarren aurka. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama.

Gaiak
Tradizioa, Erabakiak, Komunikazioa

Tradizioa. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohitura eta arauen pisuaz ari da pelikula. Arau horien arabera, guztiak espero bezala funtzionatu behar du, baita pertsonek ere. Kaosari beldurra izateak eta aldaketa baten beharrak talka egiten dute istorio honetan.
Erabakiak. Gizakiaren erabakitzeko gaitasunaren ondorioak agertzen zaizkigu: tradizioa mantendu, apurtu, isildu, hitz egin, alde egin… denak dira erabakiak. Askatasun horrek besteengan duen eraginak gatazkak ekarriko dizkie protagonistei.
Komunikazioa. Hitzetik haratago doan komunikazio erak agertzen zaizkigu pelikulan: begiradak, ekintzak, artea… eta isiltasuna.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Tradizioari buruz. Tradizioak galtzea noiz da kaltegarria eta noiz onuragarria? Aldaketek zergatik sorrarazten dute ezinegona? Ze tradizio apurtu ditu zure belaunaldiak?
· Erabakiei buruz. Besteei min ematen dizkieten erabakiak hartzea zilegi al da? Ze kasutan? Gauzak bere horretan mantentzea, erabaki bat al da? Jabetzen al gara hartzen ditugun erabaki guztiez?
· Komunikazioari buruz. Isiltzen denak, zerbait esaten al du? Beharrezkoa al da hitzez komunikatzea? Noiz? Posible al da ezer ez komunikatzea?

…pelikula ikusi ondoren

· Amaiak Neolitikoarekin (amamarekin) apurtzea onuragarria ala kaltegarria iruditzen zaizu? Bere nebek nola bizi dute apurketa hori? Zuhaitz koloreztatuen istorioan, suntsipenak egoera hobetu du? Eta gainerako pertsonaien kasuan?
· Denak al dira kontziente beren erabakiek inguruan sortzen dutenaz? Berekoikeriaz jokatzen al dute? Senideen zoriontasunak eragina al du beraien erabakietan? Ze eboluzio dauka gainerakoen beharrak aintzat hartzeak pelikulan zehar?
· Amamaren, Tomasen eta Isabelen isiltasunak zer iradokitzen dute? Amaiak amamarekin sortzen duen arteak zer adierazten du? Tomasek alabari egindako ohearen ekintza itzuli daiteke hitzetara? Eta amamak kobazulora egindako ihesaldia?

Maialen Lizarralderen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top