Sinopsia
Animalia gaizkile talde batek beraien bizitzako erronka zailenari aurre egin beharko diote: onak izan hiritar eredugarri bihurtzeko. Hala ere, ez da lan erraza izango, oso zaila baita hain errotuak dauzkaten jarrerak, ekintzak eta pentsamendua aldatzea.
Gaiak: adiskidetasuna, aurreiritziak eta estereotipoak, aukerak
- Adiskidetasuna. Bost lagunen arteko harremana islatzen du pelikulak, haien arteko tirabirak eta irriak ikustaraziz. Haien bizipenei eta abenturei esker, lagunen babesa zein garrantzitsua den ikusiko dugu.
- Aurreiritziak eta estereotipoak. Gainerako biztanleek gaizkile-kuadrila baztertzen dute hain errotuta dauden aurreiritzi eta estereotipoengatik. Jende gehiena ez da haiengana hurbiltzen beldur direlako. Dena dela, pelikulan zehar, ikusiko dugu aurreiritziak eta estereotipoak ez datozela bat errealitatearekin.
- Aukerak. Aldatzea ez da etxekolan erraza baina aukera eman behar zaie haien izaera hobetzeko. Horretaz doa pelikula, aukerak emateaz, beti ere konfidantza eta haiekiko itxaropen positiboak izanik.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
… pelikularen aurretik
- Adiskidetasunari buruz: zer da adiskidetasuna? Zer da ezinbestekoa lagun arteko harremanetan?
- Aurreiritziak eta estereotipoak: zer dira? Zertan desberdintzen dira aurreiritziak eta estereotipoak? Nondik sortzen dira? Zergatik? Errealitatearekin bat egiten dute?
- Aukerak: zertarako balio dute aukerek? Aukerak eman beharko genituzke kasu guztietan? Zergatik?
… pelikularen ondoren
- Zergatik aukeratu dituzte otsoa, sugea, tarantula, piraña eta tiburoia protagonista gisa? Nolakoa da haien harremana? Zergatik haserratzen dira otsoa eta sugea?
- Zein da gainontzeko biztanleen erantzuna haiek ikusterakoan? Zer esan nahi du otsoak esaldi honekin? “¿Qué si me gustaría que la gente no nos viese como monstruos? Claro que sí. Pero son las cartas que nos han dado y debemos jugarlas bien”. Ze erantzuna izaten du otsoaren gorputzak hitz politak esaten dizkiotenean? Edo zein da haien jarrera jendeak txalotzen dietenean? Zergatik? Dirudienez, sugeak uko egiten dio ekintza onak egiteari. Zergatik ez du ona izan nahi? Zein da gainontzeko kideen erantzuna? Amaieran, ekintza on bat egin arren, kartzelera eramaten dituzte? Bidezkoa da?
- Doctor Mermeladak haien jarrera aldatzen lagunduko diela hitzematen die, baina zergatik gezurtzen die? Zein da bere helburua? Kazetariak hau esaten du albisteak ematerakoan: “Cambiar es imposible”. Egia da? Zer behar da aldatzeko? Zergatik?