Sinopsia
Vitoria-Gasteiz, 1976ko martxoaren 3a. Soldata-igoerak eskatzen dituzten langileen grebak itxura hartzen ari dira. Zaramagako langile-auzoko San Frantzisko elizan, ehunka pertsona elkartu dira beren eskubideen alde borrokatzeko. Begoña eta haren familia egoeraren lekuko izango dira, eta bost hildako izango dituen gatazka batean parte hartu beharko dute. Betirako aldatuko da euren bizitza, baita hiria eta herrialdearena ere.
Gaiak: Langileen mugimendua, leialtasuna, boterea
Langileen mugimendua. Trantsizio-urteetako langile-mugimenduaren testuinguru historikoa erakusten du filmak, erregimen frankistak gogor jazartzen zuena.
Leialtasunak. Filmeko pertsonaia batzuek hautu zailak egin beharko dituzte, eta haien koherentzia, osotasuna eta harremanak zalantzan jarriko dituzte.
Boterea. Estatua, komunikabideak, patronala edo mugimendu sindikala, bakoitza bere boterea erabiltzen saiatzen da.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikularen aurretik
· Langile-mugimenduari buruz. Sindikatuak ezagutzen dituzu? Zein da beren helburua? Zer da langile-klasea?
· Leialtasunei buruz. Zer esan nahi du koherentea izateak? Zer da garrantzitsuagoa, norberaren idealekin fidela izatea edo hurbileko pertsonak babestea?
· Botereari buruz. Nola eragiten zaio iritzi publikoari? Eta estatuaren erabakietan? Indarkeria boterea da?
…pelikularen ondoren
· Zer erabaki garrantzitsu hartu behar dituzte Begoñak, aitak eta amak? Zer elementu jartzen dituzte bakoitzak balantzan, eta nola erabakitzen dute?
· Begoñaren inguruak (familia, bikotekidea…) konfiantza du harengan eta beretzat onena aukeratzeko duen gaitasunean?
· Zer indarkeria mota detektatu duzu? Zein giza eskubide urratzen dira? Nor dira urraketa horien erantzuleak? Zergatik dago zigorgabetasuna? Zer egin daiteke justizia eta ordaina izateko?