Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 1999

Iraupena: 111 min.

Herrialdea: AEB

Zuzendaritza: David Lynch

Aktoreak:

Richard Farnsworth, Sissy Spacek, Harry Dean Stanton

Produkzioa: Mary Sweeney, Neal Edelstein

Una historia verdadera

Izenburu originala: The Straight story

Sinopsia
1994an jazotako gertaera batean oinarritutako pelikula da. 73 urteko Alvin Straight gizon edadetuak Iowako Laurens-etik Wisconsingo Mt. Zion-era bere John Deere sega-makina gidatuz egindako bidaia kontatzen du. Alvinek oso gaixorik zegoen anaiarekin elkartzeko asmoz ekin zion bidaiari. Hamar urte baino gehiago zaramatzaten elkarrekin hitzik egin gabe. Ikusmeneko arazoak eta diru falta zirela-eta, bidea sega-makinaren gainean egitea erabaki zuen. Sei aste baino gehiago behar izan zituen Alvinek ehunka kilometroko ibilbidea egiteko.

Gaiak
Gatazka, zahartzaroa eta berradiskidetzea

Gatazka. Zenbait lagunek dituzten gatazka mota desberdinak –familiarekin, iraganarekin…– eta euren egunerokoan eta bizitzetan horiek duten eragina erakusten du istorioak.
Zahartzaroa. Adineko gizon bat erakusten digu pelikulak, zahartzaroaren mugak bizi dituen arren, horien jabe izanik eta, hain zuzen ere, horien bidez, anaiarekin berriro adiskidetzen ahaleginduko dena.
Berradiskidetzea. Pelikulak bi bidaia luze eta geldo biziarazten dizkigu. Geure buruarekin eta iraganarekin berradiskidetzera garamatzan barneko bidaia; eta bestearekin berradiskidetzera heltzeko behar den ibilbidea egitera garamatzan kanpoko bidaia.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Zahartzaroari/mugei buruz: Geure mugen jabe al gara? Nola bizi ditugu?
· Gatazkari buruz: Zergatik ditugu gatazkak? Nola sentitzen gara gatazka bat bizi dugunean?
· Berradiskidetzeari buruz: Zer esan nahi du berradiskidetzeak? Zein urrats dira beharrezkoak berradiskidetzerako? Berradiskidetzera behartu gaitzakete?

…pelikula ikusi ondoren

· Zein da Alvinen erreakzioa bere anaiak bihotzekoa izan duela jakiten duenean? Berehala erabakitzen al du ikustera joatea? Zergatik?
· Alvini autoz joatea eskaintzen diotenean honakoa dio: «Bidaia bakarrik egin behar dut, eta hasi bezala amaitu». Zer esan nahi du? Zein zentzu du Alvinentzat bidea belarra mozteko makinaren gainean egiteak?
· Anaiarekin elkartzen denean honakoa galdetzen dio Alvini: «Gauza hori gidatu al duzu honaino ni ikusteko?». Zentzu berdina izango zukeen elkartze horrek, berria jaso bezain laster, Alvin kotxez joan izan balitz? Beren arteko harremanean aldatu al da zerbait?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top