Sinopsia
Ruth Bader Ginsburg AEBetako Auzitegi Goreneko epaileari buruzko biopic honek, organo judizial goren honetan egon zen historiako bigarren emakumea zena, emakume ezkondu eta seme-alabadunek zuzenbidea ikasi nahi zutenean topatu zituzten zailtasun ugariak erakusten ditu. 1972an, Ruthek eta haren senarrak borroka bat hasi zuten, emakumeek Estatu Batuetako gizonen eskubide berberak izan zitzaten, eta genero-arrazoiengatiko bereizkeria-kasuei aurre egiteko. Mimi Lederrek zuzendutako film honek erakusten du Ginsberg epaileak aldatu egin zuela historiaren ibilbidea, genero-bereizkeriari buruzko kasu berezi batekin, eta horrek bidea ireki zuela auzitegietan berdintasuna aplikatzeko.
Gaiak
Konpromisoa, genero rolak eta diskriminazioa.
Konpromisoa. Emakume batek egoerei eta oztopoei aurre egiteko duen irmotasuna eta konpromisoa erakusten ditu filmak, abokatu jarduteko borondatea irmo mantenduz.
Genero rolak. Hainbat eszenatan, gizarteak emakumezkoei eta gizonezkoei egunerokotasunean ezartzen dizkien funtzioak eta mundu-ikuskerak ikusten dira.
Diskriminazioa. Genero-rolek eta aurreiritziek gure munduko botere-organoetara iristeko aukerak nola markatzen dituzten erakusten du filmak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Konpromisoari buruz: Nola ulertzen dugu konpromisoa? Borondate “itsua” al da, besterik pentsatu gabe? Norbaitek bere jarrera alda dezake? Guztiok konprometitu gaitezke? Konpromisoa eta borroka gauza bera dira?
· Genero-rolei buruz: Zer da berdintasuna? Zer zailtasun izan ditzake karrera profesionala izan nahi duen emakume batek? Amatasunak eta familiako betebeharrek eraginik badute?
· Diskriminazioari buruz: zure ustez, pertsona batek diskriminazio desberdinak jasan ditzake? Generoaz gain, koloreak, erlijioak edo jatorriak ere badute eraginik? Legeak bidegabeak edo diskriminatzaileak izan daitezke?
…pelikula ikusi ondoren
· Ikasturtearen hasieran, 9 emakume baino ez dira onartzen abokatutza ikasteko. Zer lortu nahi zuen dekanoak, haiek betetzen zuten plaza gizon batentzat zela esatean? Nola sentitzen ziren emakume horiek gizonez betetako areto horretan? Filmean “lege naturala” edo “gauzen ordena naturala” deitzen denarekin lotuta dago?
· “Emakumea, ama eta, gainera, judua”. “Ez dute beste beltz bat aurkitu hura ordezteko; beraz, pentsatu zuten emakume bat izango zela antzekoena”. Emakumeek zailtasun gehiago dituzte gutxiengoen batekoak badira?
· Isiluneak, begirada iheskorrak, barreak, mespretxuak. Egoera horien guztien aurrean, nola erantzuten du protagonistak? Bere borroka pertsona hauen aurka bortitza eta norgehiagokakoa al da? Mendekuzkoa da? Egoerei kontu handiz heltzen die eta beste irtenbide batzuk eskaintzen ditu? Bere familiak baloratzen al du beti?