Sinopsia
Tommok etxetik ihes egin du, eta King Cross-eko geltokian dabil noraezean (Somers Town izena duen Londres iparraldeko auzoan). Bertan Marek ezagutuko du, aitarekin Ingalaterrara etorri den eta bere inguruan aurkitzen duen oro fotografiatzen duen Poloniako mutila. Biek elkarrekin harroputz-koadrila bati egingo diote aurre, eta orduz geroztik beren bizitzako udarik onena bizitzera eramango dituen laguntasuna hasiko da.
Gaiak
Giza izaera, nortasuna eta itxaropena
Giza izaera. Gizakiaren kontraesanak erakusten ditu istorioak: haren izaera zaurgarria eta krudeltasuna, haren samurtasuna eta gorrotoa. Onena eta txarrena egiteko gai dela azaltzen du.
Nortasuna. Zerbaiten parte edo norbait dela sentitzen ahalegintzen den nerabearen berezko desorientazioa eta bakardadea deskribatzen ditu pelikulak. Horretarako onespena eta aintzatespena bilatzen ditu.
Itxaropena. Inguratzen dituen bakardadetik eta egoera sozial zailetik urrun, beren mundu pertsonala eraikitzeko bi protagonistek egiten duten ahalegina kontatzen du istorioak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Laguntasunari buruz: Zertan oinarritzen dugu geure laguntasuna: geure beharrak asetzean, antzekotasunetan edota bateragarritasunean?
· Etiketei buruz: Egoera zailean daudenen irudia ordezkatzen duten etiketa oinarri izanik eraikitzen dugu edo benetan diren horren gainean?
· Ametsei buruz: Ondo sentitzeko eta errealitateari ihes egiteko ilusioak al dira ametsak? Guztiaren gainetik borrokan jarraitzeko, errealitatea koloreztatzen laguntzen diguten pintzelak izan al daitezke?
…pelikula ikusi ondoren
· «Esnatzen zara, lo egiten duzu, hegan egiten duzu… ahaztu ezazu duzun zorra. Penaren abestia kantatuko dugu, zu zeu konturatu aurretik kantatuko dugu. Ahalmen-zerrendaren bat aurkitu behar duzu. Ahaztu esaten ari naizen guztiak. Sinetsi ezazu berriz ere zeure buruarengan». Egin gogoeta pelikularen hasieran entzun daitekeen abestiaren letrari buruz.
· Zeintzuk dira protagonisten ahalmenak? Eta geureak? Iraganari begiratzeak lagun al diezaguke geure akatsetatik ikasten?
· Nolako papera du Mariak pelikula osoan? Tommorentzat eta Marekentzat amets edo ilusio hutsa da edo bada zerbait gehiago?
· Mareken aitak protagonistak bere egongela txikitzen harrapatzen ditu. Horrela amaituko zutela aurrez ikus zitekeen? Zergatik? Zer dute komunean aita-semeek?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu