Sinopsia
Amerikako enpresa batek Espainian duen sukurtsala bulegoetan erretzeko debekua betetzera behartu dute. Aurrerantzean lanorduetan erre nahi dutenek kalean egin beharko dute. Ramirezek, gehienbat gizonez osatutako bulego txiki horretako langileetako batek, sinadurak biltzeari ekingo dio justutzat jotzen ez duen erabaki horren kontra egiteko.
Gaiak
Askatasuna, giza izaera eta solidaritate eza
Askatasuna. Askatasuna gauzatzea nolako zaila den erakusten du istorioak: beldurrak, hipokresiak edota interesak egindako aukerak baldintza ditzakete, eta hori gertatzen denean askatasuna muga estuen artean mugitzen da.
Giza izaera. Pelikulak gizakiaren izaera mugatua deskribatzen du. Egunerokotasuna betetzen duten inperfekzioak eta miseriak, normalak bailiran onartu nahi ditugunak, eta etsipenaz irensten ditugunak.
Solidaritate eza. Jarrera indibidualistak dakarren solidaritate eza islatzen du istorioak. Ezer ez egitea justifikatuko duten hamaika aitzakia bilatzen dituen jarrera.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Askatasunari buruz: Nolako zailtasunak aurkitzen ditugu geure baitan aukera egiteko orduan? Zergatik?
· Beldurrari buruz: Beldurrak geure bizitza eta erabakiak baldintzatzen al ditu? Nola egiten diogu aurre beldurrari?
· Indibidualismoari buruz: Zer da indibidualismoa? Bateragarria al da jarrera solidarioarekin? Zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Zer da Ramirezek bilatzen duena? Zergatik jarraitzen du aurrera traba guztien gainetik? Zergatik jokatzen du horrela amaieran?
· Ramirezen lankideak ados daude harekin, baina ez dute sinatzen. Zein argumentu ematen dute ez sinatzeko? Zeintzuk dira beren arrazoiak?
· Honakoa diote Ramirezen zenbait lankidek: “Zer da sinadura bat gutxiago?”; “Kontuz ibili zeinekin nahasten zaren. Zer irabazten du berak honekin?”. Zer esan nahi dute horrelako esaldiek?
· Zein esanahi du amaierako futbol-partidak?
Begoña Gómezen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu