Sinopsia
Haren amaren eginbeharrak direla-eta, hirian hazitako zazpi urteko haur apetatsua eta berekoia hilabete batez amonarekin bizitzera eramango dute. Amona, andre maitagarria, bakarrik bizi da gizarte modernoko aurrerapen teknologikoak oraindik iritsi ez diren herrixka batean. Hasiera batean bien arteko erlazioa zaila izango da, izan ere, Sang Woo txikia ez da gustuko ez dituen ohiturak aldatzeko prest agertuko. Amona, berriz, haurra pozik egon dadin bere esku dagoen guztia egiten saiatzen da.
Gaia
Doakotasuna, bestea eta barkamena
Doakotasuna. Pelikulak baldintzarik gabeko maitasuna erakusten du; aurreikuspen guztien aurka eta zaltasun guztien gainetik gizakiarengan irekiera sortzen duena eta bere ahalmenak garatzen dituena.
Bestea. Bestea ulertzeko eta lehen bistadizoan ikusten dena baino haratago ikusteko behar diren arreta eta denbora deskribatzen ditu pelikulak.
Barkamena. Amonak bilobarekin duen harremanaren bidez, barkamenaren izaera egiazkoa eta baldintzarik gabea aztertzen du istorioak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Sentimenduei buruz: Beharrezkoa al da hitz egitea elkarrekin komunikatzeko? Bestearen berri izateko galdetzea beharrezkoa al da?
· Esker onari buruz: Dagokigun eskubide gisa bizi dugu duguna, edo eta gure merituen arabera merezi dugun zerbait lez?
· Bakardadeari buruz: Bakarrik egoteko arrazoi eta modu desberdinak al daude?
…pelikula ikusi ondoren
· Zerk aldarazten du Sang Woo?
· Zerk egiten du indartsu amona? Pelikulako zein bi unetan egiten du amonak negar zorion hutsez?
· «Ez ezazu barkamenik bitan eskatu gauza beragatik» esaten dio behizainak Sang Woori. Zergatik esaten dio hori? Zer esan nahi du?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu