Sinopsia
Maria, gazte aleman bat, Satomi izeneko andre japoniar nagusi baten adiskide bihurtzen da Fukushima eskualdean zehar egindako tour batean, 2011n Japonen gertatutako lurrikarak kaltetutako lurraldean. Mariak Alemaniatik Fukushimara bidaiatzea erabaki du bere bizitza aldatzeko. Clows4Help erakundean lan eginez, sarraski nuklearretik bizirik atera zirenei itxaropen apur bat eramatea da bere nahia. Laster konturatuko da ez dela gai kaltetuen mina arintzeko. Ordea, ihes egin beharrean, Satomi andre adindu zakarrarekin geratzea erabakitzen du, txikitutako bere etxera itzultzea erabaki zuen Fukushimako azken geisha. Bi emakumeak guztiz ezberdinak dira, eta hala ere, biak daude nolabait iraganean kateatuta. Errua eta oroitzapenen zama askatzen ikasi beharko dute.
Gaiak: Natura eta ekologia, adiskidetasuna, sufrimendua
Natura eta ekologia. Fukushimako sarraski erradioaktiboak 110.000 desplazatu baino gehiago sortu zituen. Ingurumenean eta pertsonengan eragindako kalteak oraindik orain kuantifikatu gabe daude. Zentral nuklearrak ez zuen euste-hormarik katastrofe honen eragilea izan zen tsunamia ekiditeko.
Adiskidetasuna. Pelikulak mundu eta kultura guztiz ezberdinetatik datozen bi pertsonen arteko adiskidetasuna deskribatzen du: Mary alemana da, Satomi japoniarra.
Sufrimendua. Bi protagonistek galera eta errua sufritzen dituzte. Iragana eta oroitzapenak une oro agertzen dira, eta nolabait, oraineko bizitzaren zentzua ez dute topatzen.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Natura eta ekologiari buruz. Gizarteak bere eskuetan dagoen guztia egiten du naturaren armonia mantentzeko? Noren ardura da ingurumena ez kutsatzea?
· Adiskidetasunari buruz. Mina konpartitzeak adiskidetasuna laguntzen du? Zerk eragiten du adin, erlijio, arraza edo kultura ezberdinetako pertsonak lagun bihurtzea?
· Sufrimenduari buruz. Zer da errua sentitzea? Galera eta gabeziek ze gogo-aldarte eragiten dute? Zergatik pertsona batzuek hobeto egiten diete aurre akats eta porrotei?
…pelikula ikusi ondoren
· Mary Fukushimara iristen denean ostatu hartutako pertsonengana, zer sentitzen du? Zergatik egiten du ihes Satomi-k bere lehengo etxera, eta zergatik jarraitzen dio Mary-k? Zer daukate komunean biek? Mary-k bere herrialdetik ihes egin du lan altruista bat egitera. Hori al da arrazoia?
· Gauero agertzen diren mamuek zer bilatzen dute? Gertatutakoa onartzeak aukera berriei bidea irekitzen die? Oroitzapen mingarriek zergatik galarazten diete oraina bizitzea?
· Erru-sentimenduak bere buruaz beste egiten saiatzera darama Satomi. Zergatik? Geishek ze lan egiten dute? Satomiren harremana bere alabarekin, zer iruditzen zaizu? Satomik barkatua izan dela sentitzen du. Zergatik?